IKUSMIRA
IKUSMIRA

Thailandiako oposizioak estatu kolpea eskatu du «herriak osatutako parlamentua» lortzeko

Thailandiako kaleetako giroa berotuz joan da azken hilean. Oposizioko kideek hainbat erakunderen egoitzak eta eraikin publikoak okupatu dituzte, herrialdeko lehen ministro Yingluck Shinawatraren dimisioa behartzeko. Bitxi samarra dirudi, ordea, matxinoek Armadari estatu kolpea ematea eskatzea. Egunotako manifestazioak, hori bai, aspalditik datorren liskar baten testuinguruan ulertu behar dira, bi gizarte ereduren arteko talkan. Eta atzo armadaren kuartel nagusia okupatu zutenak monarkiaren defendatzaile sutsuenak, burokraziaren ordezkariak eta denbora luzean botere politiko eta ekonomikoaren jabe izan den eliteko kideak direla kontuan izanda, ez da hain ulergaitza armadaren laguntza eskatzea. Bitxiagoa da, hala ere, «herriak osatutako parlamentua» eskatzea Gobernuak amnistia legea onartzeko asmoa duela argudiatuta. Hala egingo balu, oraingo lehen ministroaren neba eta lehen ministro ohi Thaksin Shinawatra -ustelkeria akusaziopean bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten-, herrialdera itzuliko litzateke, 2006an ihes egin ostean; hau da, militarrek egotzi zutenean -orain haren arrebaren aurkako estatu kolpea jotzea eskatzen zaien militar berberek-. ¿Bitxia?