Nagore BELASTEGI
DURANGOKO AZOKA

Haurrak balio berriez jabetzeko literatura

Txanogorritxok amari kasu egin izan balio eta amonaren etxerako bide zuzena hartu izan balu, ez zatekeen basoan otsoarekin elkartuko. Haurrentzako ipuinak betidanik izan dira hezigarriak, baina aro berriak direla-eta premiak ere aldatuz doaz. Haurren nortasuna sustatzea eta aniztasuna babestea dute helburu Durangon aurki ditzakegun liburuetako askok.

Esanekoa izatea, egia esatea edota ondo portatzea egun mantentzen diren balioak badira ere, gizartea aldatu egin da eta haurrak aldaketa horien adierazgarri dira. Egun, desberdina izatea mingarria izan daiteke, aniztasuna polita dela ulertzen ez badugu; sexualitatea jada ez da tabu bat; familiako buruak ez dira zertan aita eta ama izan. Egun, puri-purian dauden gaiei heldu diete euskal argitaletxeek Durangoko Azokako haur literaturaren eskaintzan.

Liburu mota hauen adierazle nagusiek Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira, beti jorratu dituztelako haurrentzako ohikoak ez diren gaiak. Oraingoan, Biluzik bilduman beste lau ale gehitu dituzte, eta horietan pertsonaiak euren gorputzekin jolasten dira. Pirritxek bere bikiei titia emango die eta euren arteko harremana indartzen den bitartean une eder horretaz gozatuko dute. Bikiak, Pupu eta Lore, alegia, hondartzan jolastuko dira eta arropak trukatuko dituzte neska eta mutila nor den jakiterik ez dagoen arte. Porrotxek, berriz, ispiluan bere gorputza aztertuko du eta zakila duela ikusiko du. Amaitzeko, Marimototsek bainu lasaigarri bat hartuko du lakuan eta uretan bere gorputzaren leuntasunaz jabetuko da. Azokan, gainera, Irrien Lagunak Klubak kaleratutako azken produktuak ere badituzte, alegia, ikuskizun berrirako prestatutako «Sentitu, pentsatu, ekin» diskoa eta liburua.

Horrekin batera, tabua izan ohi den beste gai bat, haurrek ohean txiza egitea, lantzen du Alaine Agirrek «Nire potxolina maitea» (Elkar) liburuan. Bere esperientzian oinarrituta, protagonista ohea bustitzeaz nazkatuta bere potxolinari hitz egingo dio txizarik ez egiteko eskatuz. Hitz politekin konbentzituko al du? Nerabezaroko konplexuak, berriz, Irati Bediagaren «Beldarren hegaldia» liburuan jorratzen dira. Haztean denak ez gara berdinak eta istorio honetako protagonista itsusi sentituko da bere burua bere lagunekin alderatzen duenean.

Pello Añorgak «Mux munstroa» (Elkar) idatzi du, Niko izeneko mutiko bati buruzko lana. Bere gurasoak bananduta daude eta horrek haserrarazi egiten du. Orduan munstroa ateratzen zaio barrenetik, bere sentimenduak kanporatzeko. Orduan ulertzen du aitak eta amak, biek, asko maite dutela. Familiarteko arazoak jorratzen ditu, halaber, Ainara Azpiazuren «Izotz zuloa» liburuak. Pinguino txikiak anaia berri bat du eta jeloskor sentitzen da, amak gutxiago maite duela uste baitu.

Uxue Alberdi bertsolaria, berriz, idazle lanetan ari da azkenaldian eta bere lanen artean «Txikitzen zaretenean» (Kalandraka) istorio samurra dago. Honakoa haurren inozentziaren aldeko aldarria dugu. Umeek helduei irakurtzeko aproposa da testua. Orrialdeek iradokitzen dute haurrek, euren mundu txikian, hobeto pasatzen dutela handien mundu serio horretan baino eta txikitzera gonbidatzen ditu. Argitaletxe bereko «Arrosa eta leuna» eta «Arturo eta Klementina» (Adela Turin) ipuinek emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzen du. Lehenengoan, arrosa izan nahi ez duen elefante eme baten istorioa aurkituko dugu. Bigarrenak, berriz, estereotipo sexistei aurre egiten die dortoka pare baten gaineko abentura kontatuz.