EDITORIALA
EDITORIALA

Batasun eta erabakitasun nazionalaren erakustaldia

Akordioa erraza ez zen arren, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP indar politikoek kontsentsurako ahalegin handia eginda adostasuna lortu dute. Eta hala, Kataluniaren geroa kataluniarrek erabakitzeko eguna, historiarekin duten hitzordua, finkatu da. 2014ko azaroaren 9a izango da, mundu osoa Kataluniari begira egongo den eta Katalunia estatu independente gisara munduratu ahal den eguna. Dataz gain, erreferendumean aurkeztuko den galdera bikoitza ere hitzartu dute. «Nahi al duzu Katalunia estatu izatea?» eta, hala izatekotan, «estatu independentea bilakatzea?». Bai eta bai. Ihesbideak eta aitzakiak bazter utzita, Kataluniako herritarrei zuzenean galdetuko zaie, hortaz, independentziaren gainean. Formulazio honek argitasuna ematen du, ibilbidea luzatzen dio prozesuari, eta herriak «bai eta bai» erabakiz gero, sezesio edo banaketa prozesua martxan jartzeko mandatua finkatzen du. Honek, edonondik begiratuta ere, pedagogia egokia egiteaz gain, politikoki kudeatzeko errazagoa den egoera ekarriko du. Dudarik gabe, konfrontazio demokratikoa areagotuko duen egoera berria, baina herri mandatuaren bidetik asko argituko ditu konfrontazioaren terminoak eta soluzioaren gakoa: independentzia.

Bai eta bai. Bi galderei, bai. Bai, zoriontzekoa da Kataluniako indar politikook erakutsi duten heldutasuna, interes eta kalkulu partidista ororen gainetik nazioaren beharrak lehenetsita. Azken urteetan herri dinamika eta mobilizazio kolosaletan ikusgarri egin den herri eskaera hedatuari erantzun positiboa eman diotelako. Eta hori horrela eginez, Kataluniak bizi duen une historikoak eskatzen duen neurriko batasun eta erabakitasun nazionalaren erakustaldia egin dute.

Lehen galderari, bai, eta bigarrenari, bai. Bai eta bai. Bi galdera horiei baiezko masiboa emateko lanak hamaika hilabete ditu aurretik. Hamaika probokazio, mehatxu eta zuzeneko eraso ez dira faltako, ezta prozesu herritar hori bete-betean blindatzeko beharra ere. Erreferendumak alderdi honen ala haren arrakasta baino Kataluniako herriarena izan behar du, Kataluniako estatu independenteari ateak irekiko dizkion giltza partekatua. Lot daitezela denak «bai eta bai» erantzunak irabazle egiteko lanari, munduak Katalunia librea ezagut dezan. Independentzia delako, han eta hemen, etorkizun zuhur eta oparoena.