GARA

Yemengo iraultza isilarazteko eratu zen «trantsizioak» porrot egin du

Udaberri Arabiarra deritzon matxinadaren inguruan negoziazioa gailendu zen estatu bakarra da Yemen. «Trantsizioa» ez zela benetakoa inposatua baizik argi geratu da azken bi urteotan. Elkarrizketa nazionala agortuta dago eta arazo zaharrek hor jarraitzen dute. Berdin.

Nazion Batuen Erakundeko (NBE) Yemenerako ordezkariak, Jamal Benomarrek, trantsizio prozesu politikoa etenda dagoela salatu du, eta erregimen zaharreko buruzagiei eta politikari oportunistei egotzi die erantzukizuna. Izan ere, Saudi Arabiak eta Ameriketako Estatu Batuek Yemengo iraultza bertan behera uzteko inposatu zuten «trantsizioaren» arabera egoera berezia ezarri zuten: kaleko presioak eraginda botere formala utzi bazuen ere, Ali Abdalah Sale presidente ohiak zeresan handia du eguneroko joko politikoan.

«Trantsizio» akordioak Abd Rabbo Mansur Hadi jarri zuen boterean 2012eko otsailean bi urteko eperako. Tarte horretan elkarrizketa nazionala bultzatzea zen helburua, Konstituzio berria eta hauteskunde presidentzialak eta orokorrak deitzeko.

Epemuga (datorren urteko otsaila), ordea, ez da beteko, elkarrizketak ez arre ez so jarraitzen duelako, batez ere Hego Yemengo auzia dela eta.

Estatu federala

Elkarrizketetan guztiak ados jarri dira Yemen Estatu federala bihurtzeko. Hegoaldekoek bi entitate baino ez dituzte nahi, baina iparraldekoek ez dute Ipar Yemen eta Hego Yemen formula historikoa berreskuratzerik nahi. Aitzitik, Sale presidente ohiaren alderdiak eta islamistek sei entitateko Estatua defendatzen dute.

Gauzak horrela, «trantsizioa» beste bi urtez luzatzea aztertzen ari dira, «berebiziko garrantzia duten gauzak ezin direlako sei hilabetetan adostu», azaldu du Jamila Rajaak, elkarrizketetako parte hartzaileetariko batek.

Al Qaeda taldearen presio militarra ere hor dago. Bin Laden zenaren sareko alderdirik indartsuena izanik, azken asteetan areagotu egin du bere erasoa Aqpa-k (Arabiar Penintsulako Al Qaeda). Abenduaren 5ean Defentsa Ministerioari eraso egin, eta 56 hildako eragin zituen.

Psikosia da nagusi Sana hiriburuan eta atzerritarren aurkako erasoak dira noiznahi. Tribuen eskualdeetan petrolio eta gas bideei ia egunero erasotzen diete.

Iparraldean bere horretan dirau zaidien (xiiak) eta salafisten arteko guda isilduak.

Hau guztia gutxi balitz, txirotasunak gora egin du. Munduko Bankuak emandako datuen arabera, biztanleen %54,5 txiroak dira (%42 2012an) eta yemendarren erdiek laguntza humanitarioa behar dute.