IKUSMIRA
IKUSMIRA

Denen hitza, baita presoena ere, beharrezkoa da

Atzo, EPPK-k joan den larunbatean bere adierazpena plazaratu eta astebetera, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarrak hitz egin zuen haren gainean. Zentzu komunari muzin eginda, adierazpenaren balioa ukatu eta bere Gobernuak ez dituela bere «politika antiterrorista» ez espetxe politika aldatuko esan zuen. Halaber, EPPKren mintzakideek gaurko deitutako Durangoko agerpenaz jardun zuen, epailearen erabakiaren zain, ekitaldi «nazkagarria» iritzita eta Poliziak zelatatuko duela ohartarazita. Nabari da ministroak ez zuela denbora luzeegia eman erantzuna prestatzen. Eskuin espainiarrak euskal presoen adierazpena zein gaurko deitutako prentsaurrekoa direla-eta erakutsitako jarrera erraietatik sortutakoa da, bistan da. Horrek ez du esan nahi, ordea, jarrera inkontzientea dela, ezta hurrik eman ere. Hain zuzen, EPPKren adierazpena konponbiderako urrats garrantzitsua izan da, eta Gobernu espainiarra, sektore ultraeskuindarren ildotik, begi bistakoa ukatuz eta edozein aitzakia hartuz, konponbide demokratiko baterako edozein zubi eraisteko obsesioan gotortuta ageri da.

Presoen ahotsa entzun da, eta aurrerantzean ere entzungo da. Ahots hori euskal gizarteak eskatzen dituen konponbidearen eta bakearen norabide berekoa da. Izan ere, denen hitza behar da, batez ere konponbideak bilatu eta adosteko.