Ainize BUTRON

Baiona 2014 zerrendak joera ezkertiar, abertzale eta ekologistak bildu nahi ditu

Martxoan igaroko diren udal hauteskundeei begira, zazpi ardatzetan banatzen den programaren berri eman zuten atzo. Jean-Claude Iriart zerrendaburuak esan zuen kanpaina hastear dagoela programa aurkeztuz «ideien eztabaida sakona» bultzatu nahi dutela.

Jean Claude Iriart, Bil Gaiteneko kidea, buru duen Baiona 2014 zerrendak udal hauteskundeen kanpainan Lapurdiko hiriburuko herritarrei aurkeztuko dizkien proposamenak zehaztu zituen atzo.

Baionako Jean Greneten eserlekua hartzeko lehiatuko diren zerrendei aurreratu zaie, izan ere, Baiona 2014 hautagaitza, eta horrekin, «ideien eztabaida sakona» bultzatu nahi dutela jakinarazi zuten.

Jean Claude Iriartek iragarri zuenez, «hauteskundeen lehen itzulirako hamaika aste geratzen dira, eta gure proposamenak mahai gainean jarriz, eztabaida hautagaien aurkezpen hutsetik harago eraman nahi dugu». «Bizi proiektua, herri proiektua» lema nagusi pean, ezker abertzaletik haragoko herritarrak biltzen dituen zerrendaren asmoa da «ezkerreko, ekologista edota abertzale tendentzia guztietakoak diren baionarrak biltzea». Horretarako, zerrendak irizpide nagusi batzuk finkatu ditu: gehiengoaren gogobetetzean oinarritutako berdintasun eta justizia soziala; ingurune naturalaren oreka eta klima beroketaren aurkako ekintza ausarta uztartzen dituen garapen ereduak bultzatzea; Ipar Euskal Herriarentzat onarpen instituzionala; eta demokrazia parte hartzailea.

Baiona 2014k, izan ere, programa osatzeko, hamabi komisiok landutako zazpi ardatz nagusi finkatu ditu. Euskararen garapen eta sostenguaren aldeko apustu sutsua egiteaz gain, ardatz bakoitzarentzat ekintzak finkatu ditu.

Krisia eta langabezia herritarren egungo kezka nagusienen artean kokatzen direnez, Baionak eta orokorkiago herri elkargoak, «enpleguaren eta bertako ekonomiaren aldeko politika boluntarista bideratu» behar duela nabarmendu zuen lehenik Iriartek. Etxebizitza eta hirigunearen antolaketa aipatu zuen, bestalde, Beatrice Peyrucq zerrendako kideak, Baionan etxe hutsekin dagoen arazo nagusia mahai gainean jarriz. Etxe hutsak arlo publikoaren esku jartzeaz gain, etxebizitza agentzia sozial baten sorreraren alde agertu zen.

Demokrazia parte hartzaileari dagokionez, aurrekontu parte-hartzailea eta auzo batzarrak sortzeko asmoa dutela aurreratu zuten bultzatzaileek. Horiez gain, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa, erregaien kontsumoa, kultur politika eta ur zikinen tratamendua ere hizpide izan zituzten.