GARA

Kantonamendu banaketa berria «PSren interesen mesederako» dela dio UMPk

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak ostegunean aurkeztuko die ofizialki kontseilari nagusiei kantonamenduen banaketa berria. Baina hainbat komunikabidetan aurrez izandako filtrazioen ondorioz, dagoeneko ezaguna da, esaterako, berrantolaketa berriak azkenean euskal lurraldea ez duela duela hilabete batzuk iragarri bezala desitxuratuko.

Alta, mapa berriak zentristen eta eskuinaren kritikak piztu ditu. Biek ala biek aurpegiratu diote Kontseilu Nagusiko presidente Georges Labazeeri (PS) gai honetan erakutsitako «gardentasun-eza».

Ez da hori, halere, UMP gehien aztoratu duena. Max Brisson kontseilariak Claude Olive Angeluko zinegotziarekin berriki eskainitako prentsaurrekoan gogor salatu du banaketa berri horren «logika bakarra» PSren «interesak» mesedetzea dela. Izan ere, eskuinaren eta zentristen esku dauden kantonamenduak elkartu izanak, bi joeretako hautagaiak aurrez aurre jarriko lituzke eta, ondorioz, bozak banatuko lirateke. Hala gertatuko litzateke, adibidez, Maule, Donapaleu edota Kanbo inguruetako kantonamenduetan eta horrek, «PSko hautagaiei mesede egingo lieke».

Desoreka

Horrez gain, PSk bultzatutako banaketak lurraldeen «dinamika eta errealitatea» ez ditu kontuan hartu. UMPko hautetsien aburuz, hiri aldeko kantonamenduei garrantzi handia eman zaie, landa lurretakoen kaltetan eta horrek bien arteko «desoreka» areagotu egingo du.

Antolaketa berrian hiri edo herri elkargoen banaketa ere ez da aintzat hartu eta «nahaspila» ederra eragingo duela ziurtzat eman dute. Adibide moduan, Bidarteko kasua aipatu zuen Brissonek. «ACBA Euskal-kosta Aturri hirigune elkargoan dago eta orain arte Biarritzeko kantonamenduan zen. Baina sozialisten banaketarekin, Donibane Lohizuneko kantonamenduan izango da. Horrek atzerakada suposatuko du lan egiteko orduan».