Ane ARRUTI ERRENTERIA

Xenpelarrek Errenterian ereindako «fruituei» eskertza

Atzoko egunez jaio zen 1835ean Errenteriako Senperelarre baserrian Frantzisko Petrirena Rekondo «Xenpelar», XIX. mendeko bertsolari esanguratsuenetakoa. Hainbat urte eta ahaleginen ondoren, Gotzon Huegunek sortutako «Xenpelarren fruituak» zuhaitz-eskulturaren landatzearekin batera omenaldia eskaini zioten atzo bere jaioterrian.

Duela 44 urte, Jorge Oteiza eskultorea saiatu zen lehenengo Xenpelar bertsolariari merezitako omenaldia eskaintzen, baina Franco diktadoreak debekatu zion. Urte askoren ondoren, Julian Albisturrek heldu zion egitekoari, eta, lan eskergaren ondotik, azkenean iritsi da eguna. Atzo, Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar (1835-1869) jaio zela 179 urte betetzen ziren egun berdinean, «Xenpelarren fruituak» eskultura inauguratu zuten errenteriarrek Foruen plazan, herritar historikoarekin zuten zorra nolabait kitatuz.

Errenteriako Udalak lehiaketa bat zabaldu zuen iaz -bigarrena, lehenengoa eman gabe uztea erabaki baitzuten-, Xenpelarren omenezko eskultura izango zenaren proiektuak aurkezteko. Hamabost lan jaso ziren eta horien artean Gotzon Huegunen «Xenpelarren fruituak» aukeratu zuen epaimahaiak. Lasarten jaiotako eskultorea urrian hasi zen bere obra lantzen eta atzo kokatu zuen, errenteriarren laguntzarekin, herriko Foruen plazan.

«Zuhaitz bat da eta zuhaitz horrek Xenpelarren fruituak ematen dizkigu», azaldu zion GARAri Huegunek. «Sinbologia aldetik, norbait hiltzen denean ere bere oroimenez askotan zuhaitzak landatzen dira, eta, pixka bat, ildo horretatik egin nuen. Kontzeptualki ere, zuhaitzaren planteamenduarekin, Xenpelarren bertso esanguratsuenak fruitu bezala azaltzea pentsatu nuen».

Eskultura gauzatzeko orduan laguntza ere izan zuen Lasarte-Orian jaiotako artistak. Izan ere, lehiaketako epaimahaiko kide zen Andoni Egañak berarekin elkarlanean aritzeko proposamena egin zion. «Deitu zidan esanez gustatuko litzaiokeela nirekin hitz egitea finkatzeko zein bertso ipini fruitu bezala. Maila horretako bertsolari batekin elkarlanean aritzea nire proiektuan gauza ederra izan da», aitortu zuen.

Horiek horrela, Xenpelarren bertsorik ezagunenak eta garrantzitsuenak aukeratzen lagundu zion Egañak eta zuhaitzean irakur daitezke, esaterako, «Iparragirre abila dela», «Pasaiako plazatik», «Iya guriak egin du», «Bretoiarena»... Izan ere, bertsolaria 34 urterekin hil bazen ere -bere emazte Josepa Retegi bezala baztanga gaitzak jota-, bertso sorta gogoangarriak utzi zituen, baita errimategia berriztu ere. Xenpelar 12 urterekin hasi zen bat-bateko bertsolaritzan, baina bertso jarriak dira bere ondare ezagunena, nahiz eta, asko eta asko, 36ko gerran galdu ziren. Hala ere, Xenpelarren 30 bertso paper inguru salbatzea lortu zen gaurdaino.

Metalean grabatuta

Harria eta egurra ohikoagoak dituen arren, Huegunek metalarekin sortu du «Xenpelarren fruituak» eskultura; 3 metro ditu altueran, 2,40 metro zabaleran eta 2.000 kilo inguru pisatzen ditu. Zuhaitzaren fruituak, Xenpelarren bertsoak eta errimak puntzoi industrial batekin utzi ditu bertan grabatuta.

Atzokoan, zuhaitza behar bezala «landatu» zuten, lurrez estalita, Errenteriako Foruen Plazan, Oteizak diseinatutakoan, hain justu. Bertan dauden zuhaitzen ondoan, bat gehiago izango da orain Xenpelarri eskainitakoa. Omenaldian herritar ugarik hartu zuen parte, udal txistulari taldeak, Julen Mendoza alkateak, Julian Albisturrek, Mikel Lersundi eta Itziar Etxegiak, Alain Maya dantzariak, Andoni Egañak eta Xenpelar bertso eskolako kideek... «Gizon onaren bentajak» bertso sortaren moldaketa ere egin zuten, Jon Mayaren koreografia eta guzti, baita «Betroiarena»-rena ere, Errenteriako musika kultur elkarteko bandaren eta bertsolarien eskutik.