Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Presidente normala omen

Hollande presidenteak urteko lehen prentsaurrekoa eskaini du. Bakarrik, arratsalde osoa egon da galderei erantzuten. Bukatuta, kazetariek aitortu zuten aitzinetik galderak eta kazetariak hautatuak izan zirela, hots, presidentearen taldetik dena kontrolpean zeukatela. Helburu nagusia zen gobernuaren bihurgune nagusia azaltzea eta horren inguruan izanen ziren kezka eta zalantzak neurtzea eta kontrolatzea.

Izan ere, prentsaurreko nahiko pisua zen, helburua norabide politiko ekonomiko berria aipatzea baitzen. Norabide berria «nagusien baitan konfiantza jartzea» dela erabaki baitu Hollanderen politika berriak. Hasteko, orai arte familien babeserako dirutza enpresek ordaintzen bazuten, pisu hori enpresei kentzea erabakia du. Alegia, alde batetik enpresen kargak txikitu nahi ditu, eta hau interesgarria izan daiteke enpresa txikiek karga asko ordaintzen baitute eta zailtasunetan baitaude une honetan enplegua sortzeko. Baina, bestaldetik, toki batetik kentzen duena beste toki batetik hartu beharko du (30.000 milioi); ondorioz, uztailatik goiti zergen emendatze handia izanen dela iragarria da, zergak orai arte ordaintzen ez zituztenen eskutik. Horrek kezka handia sortzen du enpresa handiak ez baitira behar bezala inplikatuak zergen biltzeko unean. Klase erdiak dira gero eta gehiago hunkituak. Bestalde, aurreikusten den langabeen laguntza sozialaren txikitzeko eta epeen laburtzeko negoziaketak hasiko dira eta eskubide sozialak maila horretan ere okertzeko bidean jarriko dituzte, sindikatuek hori onartuko ez dutela adierazi badute ere.

Frantzia sozialdemokrazian sartzen dela iragarri du Hollande presidenteak, urtetik urtera ezkerretik urruntzen; ez dakigu non bukatuko duen frantses Estatuko alderdi sozialistak! Kanpaina denboran hori dena aipatu al zuten sozialistek?

Neurri gogorrak hartu ditu gobernuak. Haatik, prentsaurreko horren interesa beste nonbait zegoen. Kazetari gehienek presidentearen bizi pribatuaren inguruan zerbait berri jakitea, erratea nahi zuten. Hollande presidentearen bizi pribatuaren inguruan sortutako berriak prentsako arreta guztia eramana zuen zonbait egun lehenagotik.

Zaila da pentsatzea hori kasualitatea izan zela. Izan ere, presidentearen munduaren inguruan dabiltzan kazetariek joan den uztailetik Hollanderen maitale berriaz bazekiten. Ondorioz, askorentzat ez zen sekretua, hori publikora aterako zen. Baina justu bihurgune politiko eta ekonomikoa agertzen den unean lehertu da informazioa. Komunikazio eremua oso neurtua izaten dute; badakite non eta noiz bota lehergailu birtuala.

Dena den. Gertakari berri honek presidente horren emazteen tratatzeko erari buruz irudi nahiko nazkagarria ematen digu. Izan ere, agintera heldu orduko Valerie Trierweiler kazetaria eta maitalea bere bizitzako emaztea zela zioen. Hori Segolene Royalekin lau haur izan dituelarik, ez zen oso elegantea ez fina. Ondoren, bere maitalea kokatzen du bere ondoan toki finkaturik ez duelarik, horri aurre egiten, eta, zenbait hilabeteren buruan, prentsa guztian agertzen da beste maitale bat duela. Bere bizitzako emazteak publikoki umiliatzeko beldurrik ez dauka!