Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Etorkizunez betetako arma

Armen patua da: aldeko dituzunean miresgarriak dira, eta arerio dituzunean, gorrotagarriak. Eta nahiko unibertsala izan behar du dualtasun kontraesankor horrek. Ikusi bestela

Olerkiari buruz esan zuen horrelako zerbait hernaniar batek aspalditxo, baina memoriari buruz esan beharko genuke besteok, agian. Etorkizunez betetako arma da iraganaren oroitza. Hori ez da gaur goizeko kontua, ordea. Ikusi besterik ez dago beren memoria -eta hura bakarrik- brontzean zizelkatuta utzi nahi luketen horien jarduna. Gisako gertaerak, askoz larriagoak alafede, historiatik ezabatu nahi lituzkeenak izan ohi dira, ia beti. Armen patua da: aldeko dituzu- nean miresgarriak dira, eta arerio dituzunean gorrotagarriak. Eta nahiko unibertsala izan behar du dualtasun kontraesankor horrek. Ikusi bestela.

Korear gazte abertzale eta independentista gartsua eta, bitxiagoa litzatekeena, katoliko sutsua zen bere hautuz An Jung-geun duela ehun urte pasatxo. 1909ko urriaren 26an, orduan errusiarren kontrolpean zegoen Harbin hiri txinatarreko geltokian, Ito Hirobumi printze japoniarra, bere herrialdean lau bider lehen ministro izandakoa eta arestian Korean japoniar ordezkari nagusia izana, hil zuen pistola tiroz errusiar goi arduradun batekin elkarrizketatzera zihoanean. Harekin batera zihoazen beste agintari japoniar batzuk ere zauritu zituen. Ihes egiteko saiorik ere ez zuen egin Anek; errusiar poliziek berehala atxilotu zuten eta japoniarren eskuetan utzi zuten. Hauek egin zioten epaiketan, Ito Hirobumi hiltzeko hamabost arrazoi zehaztu zituen Anek, tiranoak akabatzeko betebehar moralaren ildoan. Noski, epaitegi japoniarrak ez zuen aintzakotzat hartu haren ikuspegia, eta heriotza zigorra ezarri zion. Hurrengo urteko martxoaren 26an urkatu zuten hainbat gorabehera eta xelebrekeriaren ondoren.

Independentziaren aitzindari eta korear herriaren heroietako baten aitorpena du egun An Jung-geunek bere sorterrian, bereziki Hegoaldean. Txinan ere hainbat buruzagik goraipatu zuten haren ekimena. Hego Koreako ohore-domina preziatuenaren jabe da eta lehen ministroaren burutzapean ospatu zen haren ekintzaren mendeurrena. Ez dute, beraz, lotsagarritzat jotzen.

Orain, ordea, goi mailako iskanbila diplomatikoa sutu da Japonia eta Txina eta Hego Korearen artean, azken bi herrialde hauek elkarlanean oroitarri bat eraiki diotelako An Jung-geun ekintzaileari Harbinen, hark Ito Hirobumi akabatu zuen lekuan. «Historiaren ikuspegi aldebakarrekoa eta bakea eta egonkortasuna eraikitzeko egokia izango ez dena» nabarmentzen duela ekimenak esan dute bozeramaile japoniarrek, An «terrorista bat» zela berresten duten bitartean. Txinatarrek, noski, ez dute alferrik galdu aukera Japoniari bere historia hurbila aurpegiratzeko eta, zuzenean aipatu gabe bederen, Shinzo Abe lehen ministroak oraintsu Yasukuni monasterioan ehortzita daudenak, eta haien artean II. Mundu Gerran krimen lazgarriak egiteagatik epaitu eta urkatutako buruzagi japoniar ospetsuak, ohoratzeko egin zuen bisitaldia berriro salatzeko.

Iragana edonon bada etorkizuneko gatazken sorburu, Asia Ekialdean bizitasun aparta hartzen ari da egitate hori. Gauza gehiegi daude han erdipurdiko konponbidea emanda.