Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Itxoitea zer den

Aurrekoan galdetu zidaten nola bizi den pertsona bat epaiketa baten zain, kartzelara joateko arriskua presente dagoenean. Eta orduan ni INEMeko ilararekin oroitu nintzen. Edota iristea nahi ez duzun gertaera horri dagokionez egiten dituzun saiheste ariketekin

INEMeko kristalezko ateak ireki dira eta hantxe gailendu zaio giza masa handia begien ertzetara. Itxaronaldia ordenatzeko modua da tiketa hartzearena. Botoi gorriari eman eta hortxe eskuratu du, 68 zenbakia B leihatila. Ilara amaigabea otu zaio eta aulki metalikoan paratu da. Ez da atsegina lan indarra saltzeko aukera baino ez edukita eroslerik ez aurkitzea. Segundoak, minutuak eta orduak zain eman ondoren, ez diote lanik emango, gehienez bere egoera soziala definitzen jarraituko duen zigilu demontrezko bat. Langabea. Baina horretarako ere itxoin egin beharra dago. Itxoitea, tik-tak-tik erlojuari begira.

Txantreako etxean gutunaren esperoan dago emakumea. Etxetik kanporatu behar dutela badaki: hilero 600 euroko diru sarrerak, 500 euroko alokairua eta seme txiki bat. Matematikak zehatzak dira afera proletarioetan. Correosen zerbait hartzeko daukala esanez jaso du egiaztagiri horixka, baina ez da bila joan, horren zain egonagatik ere ez diolako etorkizunari aukera hori eman nahi. Semeari gosaltzen eman dio elikagai bankuan aurreko ostiralean eman zizkioten zerealak. Kadukatzeko zorian. Zerealek ere badute itxaron zerrenda bat, iraungitze datarena, hain zuzen ere. Eman dio jaten eta eskola berezirako bidea hartu dutenean gainera erori zaizkie desjabetzearen indar ilunak. Ez dira berriz etxera itzuliko.

Sartu da dentistaren kontsultako itxarongelan. Zaila da itxarongeletan itxoitea ez den beste zerbait egitea. Baina saiatu da. Begiratu ditu kolorea galdu duten Kandiskyren koadroen geometriak. Hartu du «Cuore»-a lehenengo eta ondoren «Diez Minutos»-a, baina dentistaren gailuaren hotsak kolpe batetik jarri du berriz ere tentsioan. Gorroto du, indar guztiz gorroto ere, lerdea eror ez dadin ezpainetatik zintzilik jartzen duten tutu xurgatzaile erridikulo hori. Ez dauka hagin gehiago, hortzak bi baino ez, eta gaur badaki galduko dituela. Betirako hortzik gabe geratuko den ahoa sentitu du. Azken aldiz. Eta kontsultara deitu dutenean iruditu zaio itxarongelako minutu horietan bizitza oso bat sar zitekeela.

Aurrekoan galdetu zidaten nola bizi den pertsona bat epaiketa baten zain dagoela dakienean. Kartzelara joateko arriskua presente dagoenean. Eta orduan ni INEMeko ilararekin oroitu nintzen. Edota iristea nahi ez duzun gertaera horri dagokionez egiten dituzun saiheste ariketekin. Oroitu nuen dentistaren itxarongelan pasatzen diren minutuen sakontasuna. Bizitza oso bat itxarongelan. Eta aldi baterako baino balio ez duten plangintzak.

Eta halere, bizitzak aurrera jarraitzen du, ez dago etenik. Gertatzen da, ordea, eskua poltsikora sartu eta ukitzen duzula atzamarren puntekin txanda itxoiteko tokatu zaizun zenbakia. Une oro 68 zenbakia, B leihatila.

Zer den itxoitea. Itxoitea, ariketa partzial eta subjektibo bat da. Itxoitea beti da orainaldia etorkizunez mozorrotzea. Itxoitea beti da zientzia fikziozko pelikula bat. Norberarena. Itxoitea, izan liteke bizitzen jarraitzeko bitamina. Eta itxoitea izan liteke orainaldia zalantzaz ereitea.