Ixabel ETXEBERRIA
Irakaslea
JO PUNTUA

Ekintzek egiten dute bidea

Gobernuak gero eta jende gehiago lortzen du bere kontra mobilizatzea, eskuinak ez du norabiderik proposatzeko. Hautesleek, panorama horretan, ez dute argi izpirik ikusten

Azken egunek beren gertakari multzoa ekarri digute. Lehenik Pariseko auzitegiak hiru militante kondenatu ditu. Aitzol Etxaburu, Alberto Machain eta Andoni Sarasola dute izena. 8,8 eta sei urteko zigorrak, gehi frantses Estatutik kanporatuak izatea. Hau da frantses Justiziak hartu duen erabakia. Hauxe eskatua zuen fiskalak, epaimahaiak fiskalaren eskaerari jarraitu dio. Horretan gaude, Gobernuak ez du jarrerarik aldatzen. Jakes Esnal, Jon Parot eta Frederic Haranbourek 24 urte daramate barnean, ez dute inongo urratsik egiten esperantza zerbaiten uzteko. Duela egun batzuk preso sozial bat utzi dute ateratzen, kontrolpean noski, 38 urteren buruan. Hogeita hemezortzi urte! Zapalkuntzaren muga oso urrun eramateko gai dira, giza eskubideen lurraldean!

Lucio Urtubia entzuten egon gara asteburu honetan, aurre egitera animatzen gaitu, gure ahalekin, ekintzek definitzen dutela bidea zioen. Hiru preso horien kasuan, martxan emanen ditugun urratsek eragina izanen dute, mugimendurik gabe gelditzen den Gobernu horren baitan.

Horrez gain, hizkuntza gutxituen legea bozkatu dutelako berria hedatu da, berri ona funtsean, baina noski tranpa ere egin digute, frantsesaren lehentasuna Administrazioan azpimarratuz. Bederen berriz ere argi gelditzen da frantses Estatuan hizkuntza gutxituak badaudela, horren inguruan kezka bat badela, aldarrikapena ez dela desagertzen; ondorioz, noizbait zerbait egin beharko dutela. Agian hizkuntza gutxitu guztiak ez dira desagertuko hori gertatu baino lehen.

Seaskak elkarretaratzea antolatu zuen larunbatean, herriko etxeak zigortu nahi baitituzte ikastolak laguntzeagatik. Legeak daude kasu guztietarako! Nola antolatu euskarazko irakaskuntza eskolak inseguritatean atxikitzen badira, aterperik gabe gelditzeko zorian badaude? Hau ez al da lehentasuna Parisekin dauden kontaktu guztietan? Etengabe hitz egiteko prest baitaude, hitz egiteko, baina erabakiak hartzeko?

Hauteskundeen zurrunbiloan sartuak daude Alderdi Sozialistan. Herri etxeetako hauteskundeetan Manuel Valls emanen dute lehen lerroan, oso emaitza onak baititu inkestetan; sozialistentzat herrietako emaitzak nahiko txarrak izanen direla iragarria denez, kartutxo guztiak erabiltzen ahaleginduko dira, Hollanderentzat inkesten emaitzak oso txarrak baitira une honetan, orekatzen saiatzen ari dira. Ipar Euskal Herrian, azken aldietan sozialistek lortutako emaitzen errepikatzea ez da batere segurtatua, konfiantza jautsi da asko, gure gutxieneko aldarrikapenak ez dituzte errespetatzen Parisen!

Gobernuak gero eta jende gehiago lortzen du bere kontra mobilizatzea, eskuinak ez du norabiderik proposatzeko. Hautesleek, panorama horretan, ez dute argi izpirik ikusten, hauteskunde bezperan pentsa daiteke eskuin muturrak ttantto batzuk ateratzen ahal dituela baina seguruenik abstentzioa izanen da garailea. Pixkanaka-pixkanaka jendea politikari bizkarra ematera eramanez. Hori, konpentsazio bat ekarriko balu, herritarren antolaketa bultzatuz, min txikia litzateke, baina zoritxarrez zailtasun sozialek une honetan krispazioa baizik ez dute sortu.