Jon LEUNDA
sokatira Munduko Txapelketa

Euskal tiralariek dominak lortzeko aukera asko dituzte

Faboritoen zerrendan daude bai Abadiño, mutiletan, bai Gaztedi eta Ibarra, nesketan zein mistoan.

Gaurtik igandera bitartean jokatuko da Irlandan, Castleberren herrian, Munduko Goma Gaineko Txapelketa. Lehen bi egunetan kluben mailako lehiaketa jokatuko da, eta azkeneko bietan selekzioena. Euskal Herriko selekzioa ere han izango da. Oraingoz ezin du Euskal Herria izena erabili, eta Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean arituko dira. Podiumean, berriz, Nazioarteko Sokatira Federazioko ereserkia eta ikurrak jarriko dituzte, baina selekzioak berak Euskal Herriko koloreekin aritu ahal izango du.

Euskal tiralariak atzo iritsi ziren Irlandara, eta itxaropenez beteta joan ziren, dominak lortzeko aukera asko ikusten baitira, bai kluben mailan, bai selekzioen mailan. Anjel San Roman da Ibarrako ordezkaria. Aurtengoa bere hamalaugarren mundu txapelketa izango du, eta ongi ezagutzen ditu hango berriak.

«Dominak lortzeko aukera asko daude, batez ere Abadiñok. Mutiletan jaun eta jabe izan dira Euskal Herrian, eta sekulako itxura eman dute. Nik uste dut parte hartuko duten pisu guztietan dominak lortuko dituztela. Urrezkoak ez dakit zenbat izango diren, baina dominak seguru lortuko dituzte», dio.

Mutilen gainerako taldeei aukera gutxiago ikusten dizkie. «Agian Ñapurrak taldeak izan ditzake aukerak, baina ez da erraza izango. Guk, Ibarrak, alegia, gauza bera. Gauzak ez zaizkigu ongi atera gure lehiaketan. Urtea gaizki hasi genuen, eta behin gauzak okertutakoan, gero zuzentzea oso zaila izaten da», dio San Romanek.

Emakumezkoetan ere dominak lortzeko aukera asko ikusten ditu. «Gaztedi eta gu oso parean ibili gara Euskal Herrikoan. Bakoitzak txapelketa bat irabazi du, eta seguru nago biok izango ditugula Mundialean dominak lortzeko aukerak, bai kluben mailan eta bai selekzioenean. Badaiotzek ere talde ona dauka, baina pisu aldetik arin dabiltza, eta hor kilo gutxiago izatea asko nabaritzen da», dio Ibarra taldeko ordezkariak.

Mistoan ere aukerak ikusten ditu. «Mistoetan ere Gaztedik eta Ibarrak izango ditugu dominak lortzeko aukerak. Aurtengoan oso urte ona izango delakoan nago. Badaude oso talde on batzuk, eta aukera asko ikusten ditugu», eransten du Anjel San Romanek.

Faboritoak aipatzerakoan ere gauzak nahikoa garbi dauzka. «Mutiletan euskal tiralariak faboritoen zerrendan daude. Gero, pisu txikian Irlanda eta Ingalaterra sartu behar dira. Irlandarrak etxean arituko dira eta oso kontuan hartu beharko dira. Pisu handian, berriz, Herbeheretakoak ere oso kontuan hartu beharko dira. Oso ezberdinak dira pisu txikiak eta handiak. Txikietan teknika eta iraupena garrantzitsua izaten da. Handian, berriz, kolpeak eta indarra», dio San Romanek.

«Nesketan ere euskal tiralariak faboritoen zerrendan daude, gero Txinakoak hartu beharko dira kontuan. Tiratzeko era aldatu dute, ez dira hasieran bezala kolpeka aritzen, Europako erara ohitzen ari dira, baina beti dira oso arriskutsuak. Mistoan, berriz, ez daukagu erreferentzi zehatzik. Inoiz baino talde gehiago arituko dira aurten. Hasiera batean horiek dira gure usteak, baina gero, beti izaten dira ezusteak», eransten du.

Baina, talde guztien helburua ez da izango dominak lortzea, beste batzuena, Muruetarena, esaterako, Munduko Txapelketa gertutik ezagutu eta eskarmentua hartzea da, eraman duten helburu nagusia.

Garbi dago aurtengo Euskal Herriko Txapelketan taldeek sekulako maila eman dutela, bai mutiletan eta bai nesketan, eta horrek garbi uzten du nazioartean ere onenetakoen pare daudela.

Irlandan izango dute orain hori erakusteko aukera, nahiz eta herrialde batzuetan lur gainekoak garrantzi handiagoa daukan. Hale ere Munduko Txapelketak beti izaten du garrantzia eta gaurtik igandera bitarte kirol honetako hiriburua izango da Castleberren. Hala ere, euskal taldeen artean faltako diren batzuk ere izango dira, Sokarri ez baita han izango. Lan ona egin du, baina Munduko Txapelketara ez joateko erabakia hartu du. Doazenek Euskal Herria ahalik ete gorenen utzi nahi dute.

Goizean goiz hasiko da lehiaketa

Gaur goizean goiz abiatuko da Munduko Txapelketa. 09.30ean hasiko da mutilen 560 kiloko lehiaketa, baita nesken 540koa ere. Bi maila hauetan gauzak normal joaten badira, euskal tiralariek domina bat baino gehiago lortu behar dituzte. Mutiletan, Abadiño eta Ñapurrak dira hasiera batean lehian aritzekoak, eta nesketan, berriz, Ibarra, Badaiotz eta Gaztedi arituko dira nor baino nor.

13.30ean hasiko da, berriz, mutilen 640koa, eta mutilen 600ekoa, baina azken honetan 23 urtez azpikoak lehiatuko dira, eta hor ez da euskal ordezkaririk izango. 640koan, aldiz, Ibarra, Ñapurrak eta Murueta izango dira parte hartuko duten taldeak. Pisu honetan dominak lortzea zailagoa izango da.

Bihar ere goizean goiz hasiko da jardunaldia. 09.30ean mutilen 600 kilokoan, eta nesken 500ekoan jokatuko dira saioak, eta hor ere euskal ordezkaritza zabala izango da. Abadiño, Ibarra, Murueta eta Ñapurrak arituko dira mutilen mailan, eta neskenean, berriz, Badaiotz, Ibarra eta Gaztedi. Bi maila hauetan euskal ordezkariek domina bat baino gehiago lortzeko aukera handia dute. 13.30ean, berriz, 680 kilokoan arituko dira gizonezkoak, baina hor ez da euskal ordezkaririk izango.

14.30ean, berriz, talde mistoak arituko dira 600 kilokoan, eta hor Gaztedi, Ibarra eta Ñapurrak neurtuko dira, eta hor ere izango dituzte dominak lortzeko aukerak. Larunbatean hasiko da selekzioen mailako lehiaketa, eta lehen egunean gizonezkoen 560koan Abadiño arituko da, eta Ibarra 640koan; baita Ibarra nesken 540koan ere. Azkenik, igandean jokatuko da azkeneko ekinaldia, eta mutilen 600ekoan Abadiño arituko da, eta Ibarra, berriz, 680koan. Nesken 500ekoan, berriz, Gaztedi lehiatuko da, eta 600 kiloko mistoan ere beraiek izango dira lanean arituko direnak. J.L.