Arantxa MANTEROLA

Haragitarako behien diru-laguntzak lortzeko «fronte bateratura» deitu du ELBk

Nekazaritza Politika Bateratu berriaren prestakuntzaren barnean, haragitarako behien hazkuntzan izango diren diru-laguntzen banaketa aztertzen ari da Nekazaritza Ministerioa. Oraindik erabaki fermua hartu ez duen arren, bide horretan finkatu dituen irizpideak haserre biziz hartu dituzte Ipar Euskal Herriko laborariek.

Izan ere, nekazariek laguntza horiek jaso ahal izateko, ustiategi bakoitzeko gutxienez 10 behi eta 0,8ko produktibitate maila izan beharko dute. Neurri horrek euskal etxaldeei «ondorio oso larriak» ekarriko dizkie, ELB-ren esanetan, gehienak (%46, zehazki) etxalde txikiagoak izaki, diru-laguntzen sistematik at geratuko liratekeelako.

Horren aurrean, udazkenetik hainbat mobilizazio egiten ari dira. Azkena, otsailaren 10ean egin zuten, Hazparneko, Donibane Garaziko eta Mauleko ogasun bulegoak okupatuta.

Paris ohar dadin

Ekimen horiek «ministerioa hunkitzea eta Parisen hemengo etxaldeen berezitasunak ulertaraztea» zuten helburu. Datorren asteazkenean Laborantza Norabiderako Departamenduko Batzordea (CDOA) Pauen biltzekoa denez, laborarien sindikatuak Laborarien Konfederazioarekin batera, dei berezia egin du «eragile guztiak borroka horretan» era bateratuan aritzeko.

Batzorde horretako kide guztiei «posizio komuna hartzeko» proposatu die zehazki, era horretan, «Nekazaritza Ministerioa inarrosi eta aho batez mintzatuz egoeraren larritasunaz ohar dadin».

Ganadu hazleen erdia «bide bazterrean utz dezakeen «asmo suntsitzailearen aurka borrokatzeko» CDOAko kide guztiek beharrezko «arrangura» izatea espero du ELBk.