J.L.
Urrezko aizkora

Oñatin jakingo da nor den bigarren finalista

Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza Joxemari Olasagastiren eta Julen Kañamaresen aurka neurtuko dira bihar, 12.00etan, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Norgehiagokak garrantzi handia izango du; izan ere, irabazleak finala jokatzeko txartela lortuko du.

Finalerdi honek ikusmin handia piztu du. Alde batetik, Atutxa eta Mugertza askorentzat txapela irabazteko faboritoen zerrendan agertzen dira, baina jendeak Olasagasti ikusteko gogoa ere badauka. Igeldokoak datozen bi hilabetetan bi apustu jokatu beharko ditu, eta aurrenekoa, Arria V.aren aurka jokatuko duena, aurki izango du Joxemarik.

Hori dena kontuan hartuta, aizkolari beteranoa nola dagoen jakin nahi dute zaleek, baina garbi dago biharko saioak apustuetan egin beharreko lanarekin zerikusirik batere ez duela izango. Urrezko Aizkoran lan azkarrak eta laburrak egin beharko dituzte, eta apustuan, berriz, iraupeneko lan luzea egin beharko dute.

Atutxak eta Mugertzak orain arte jokatutako saio guztiak irabazi egin dituzte, eta euren multzoko buru izan dira. Itxura oso ona emanda iritsi dira saio honetara, eta orain arte erakutsitako guztia baieztatu egin beharko dute, aurrean ere bikote oso arriskutsua izango baitute. Olasagastik eta Kañamaresek, berriz, saio bat irabazi zuten, Erasunen eta Rekondoren aurka, eta beste bat galdu zuten, Larretxearen eta Etxeberriaren aurka, eta multzoko bigarren postua eskuratuta iritsi dira finalaren atarira.

Finalerdietan sei lan ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta zaila izango da azkeneko lanera bitarte ezer erabakitzea. Tartean badira zutik jarritako enborrak ere, baina hor denak ongi moldatzen dira. Denetan eskarmentu handiena Olasagastik dauka, eta igeldotarrak min handia egin dezake hor.

Zaldi-mandoak

Zaldi-mandoen Euskal Herriko finala ere jokatuko da asteburu honetan. Bihar bertan arituko dira, 18.00etan, Aulestiko probalekuan, joan den urtean Euskal Herriko plazetan lehiatu diren hiru abererik onenak.

Kobaren, Uriarteren eta Erauskinen abereak arituko dira nor baino nor, eta bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko. Aulestiko Harri Barria izeneko harria izango da erabiliko dutena. 900 kilo pisatzen ditu, eta harriak 80 kiloko gainkarga eramango omen du. Aberearen oinarrizko pisuak 400 kilokoa izan behar du. Hortik gora joaten denak, kilo bakoitzeko kilo bat gehiago eraman beharko du harriaren gainean.