Jon LEUNDA
sokatira Munduko Txapelketa

Brontzezko dominarekin agurtu dira euskal tiralariak

Azkeneko egunean, Gaztediko neskek lortu zuten garaipena 500eko mailan.

Amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa, eta azkeneko egunean ere iritsi zen domina, Gaztediko taldeak lortu baitzuen nesken 500ekoan. Guztira bi zilarrezko eta lau brontzezko izan dira euskal ordezkariek lortu dituzten dominak.

Atzokoan ere urrezko domina lortzeko itxaropenik bazegoen, baina ez zen posible izan, eta brontzezko batekin konformatu behar izan zuten. Berriro ere Txinako eta Taiwango tiralariak izan ziren protagonista, eurek eraman baitzituzten dominarik gehien, batez ere emakumezkoen eta mistoen mailetan.

500ekoan, Gaztedi izan zen euskal ordezkaria, eta finalerdietan sartzeko modua egin zuen. Finalaren atarikoa Txinako selekzioaren aurka jokatu behar izan zuen, eta euskal selekzioa ordezkatuz aritu zen talde bizkaitarrak ezin izan zuen garaipenik lortu. Hala, brontzezko domina lortzeko borroka horretan geratu zen.

Hirugarren posturako lehia horretan, Suitzarekin neurtu zituen indarrak eta hortxe lortu zuten euskal tiralariek eguneko domina bakarra. Finalean, Taiwanek eskuratu zuen urrea, eta bigarren Txina geratu zen.

Mutilen 600ekoan, eta pisu berean, baina mistoan ere, euskal tiralariek oso gertu izan zituzten dominak, baina bietako inork ezin izan zuen lortu.

Mutiletan lau onenen artean sartu ziren lehen fasea gainditu ostean, eta finalerdietan Taiwanen aurka neurtu behar izan zituen indarrak euskal selekzioak. Bertan, Abadiñoko sei tiralari zeuden, eta bi Ibarrakoak.

Ezin izan zuten finalerdia gainditu, eta hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatzeko geratu behar izan zuten. Hor Irlandaren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten euskal tiralariek, ezin izan baitzuten etxeko taldea mendean hartu.

Iskanbila, ordea, finalean izan zen. Eskoziak irabazi zuen Taiwanen aurka, baina aditu guztien ustez, Asiakoek nabarmen irabazi beharrekoa omen zen, eta hor epaileek zeresan handia izan zuten, itxuraz. Jendea haserre geratu zen, ez galtzaileak bakarrik, baita gainerako herrialdeetako tiralariak ere, baina horrek ez zuen ezer aldatu.

Mistoan ere laugarren geratu zen euskal selekzioa ordezkatu zuen Gaztediko taldea. Lehen fasea gainditu ostean, finalerdietan Txinaren aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Hor ez zuen finala jokatzeko aukerarik izan, eta hirugarren eta laugarren postua jokatzeko geratu zen talde bizkaitarra.

Brontzearen borroka horretan Ingalaterra izan zuen aurrean, baina gorritxoek ezin izan zuten ezer egin eta laugarren postuan amaitu behar izan zuten. Urrezko domina Taiwanek eraman zuen, Txinako selekzioa mendean hartuta.

Azkenik, mutilen 680koan ere aritu ziren euskal tiralariak, baina hor ez zuten inongo aukerarik izan. Ez ziren lehen fasea gainditzeko gai izan, eta dominen lehian aritzerik ez zuten izan. Pisu honetan Eskoziak eraman zuen urrezko domina, Irlandak zilarrezkoa eta Ingalaterrak brontzezkoa. Laugarren postuan, berriz, Herbeheretako selekzioa geratu zen. Horrekin amaitu zen Txapelketa.

Asiako tiralariek harri eta zur utzi dituzte guztiak

Asiako tiralariak izan dira amaitu berri diren Munduko Txapelketa hauetako protagonista nagusiak. Hor Txina eta Taiwan nabarmendu dira. Lehenengoak mistoan eta emakumezkoetan eman du ikaragarrizko maila, baina gizonezkoetan ez da horren ongi aritu. Bigarrengoak, berriz, maila guztietan ibili dira bikain. Hasieran ere faboritoen zerrendetan agertzen ziren, baina inork ez zuen uste horrelako maila emango zutenik. Gainerakoan, betikoak gailendu dira. Ingalaterra, Eskozia eta Irlanda nabarmendu dira, eta horiekin euskal tiralariak. Beraz, dena pentsatzen zen bezala joan da, gutxi gorabehera.

J.L.