14/04/2014

3.000 euskaltzale bildu ditu Sortzen-ek Oibarren euskal eskola publiko berriaren alde

Euskal eskola publiko berriaren aldeko bosgarren jaialdia gauzatu zuten atzo 3.000 euskaltzale inguruk Oibarren, Sortzen-en deialdiarekin bat eginez. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten, Nafarroako Gobernuak «ez euskaldun» izendatutako eremu batean.

GARA
BAZKARIA. Bazkarian ere talde polita bildu zen, 370 txartel saldu baitziren orotara. Lanean, berriz, 80 herritar ibili ziren egun osoan zehar.

Eguraldi «ezin hobeak» lagunduta, 3.000 euskaltzale inguru gerturatu ziren atzo Oibarrera, euskal eskola publiko berriaren aldeko bosgarren jaialdira. Antolatzaileen esanetan, Nafarroako euskarazko toponimiaren gaineko erakusketak sortu zuen jakin-min berezia, eta txikienek pailazoen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan zuten.

Hedabideetara bidalitako prentsa oharrean aditzera eman zutenez, atzoko egunaren balorazio «oso positiboa» egin dute antolatzaileek. «Bosgarren urtea izanik, gero eta eremu gehiagotara iristen ari den aldarrikapena da zonifikazioaren aurka eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde egiten dena», adierazi zuten. Horri esker, antolakuntza lanetan ere gero eta jende gehiago dabilela gaineratu zuten, eta atzokoan 80 herritar jardun ziren egunean zehar lanean.

Gauzak horrela, eskerrak eman nahi izan zizkieten Oibarko alkate, zinegotzi eta eremuko eragile kulturalei. «Horiek gabe ezingo litzateke aldarri hau eremu osora, Nafarroara eta Euskal Herriko herri eta auzoetara eraman», zehaztu zuten. Hala, pausoz pauso aurrera egiten ari direla gaineratu zuten eta euren dinamikaren gisako ekimen herritarrak indartzen joaten diren heinean, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea gero eta gertuago egongo dela aldarrikatu zuten. Bide horretan, ezberdinen arteko lankidetza goraipatu zuten, ezberdinak izanagatik ere, «denok baikara euskararen herria, herri guztiak dira euskararen herriak».

2010ean Artaxoan egin zuen lehenengo jaia Sortzenek eta ondoren Mendigorrian, Larragan eta Villatuertan egin izan ditu, guztiak ere Nafarroako Gobernuak «ez euskaldun» izendatutako eremuak. Inguru hauetako egoera lau haizetara zabaltzea da euren helburua.