Jon LEUNDA
Berezkoen Binakako finala

Harizmendik azkar utzi zuen neurketa erabakita

Olivier Larretxeak ere primeran lagundu zion aurrean, atzean izan zuen nagusitasuna ederki baliatu baitzuen kintzeak finitzeko. Aurkariek ez zuten inoiz garaipena lortzeko aukera txikienik ere izan.

Larretxea - Harizmendi 40

Sorhuet - Ducassou 19

Ez zen ezusterik izan, eta Larretxeak eta Harizmendik irabazi zuten atzo Baionako Modernen jokatu zen Binakako Txapelketako finala. Denak Ducassou II.ari begira zeuden hasi aurretik; zalantza asko zeuden bere jokoaren inguruan, eta garbi ikusi zen ez zegoela finala jokatzeko moduan.

Ducassou gaztea egun dagoen atzelaririk handienetakoa eta onenetakoa da, baina berak eskatu zuen txapelketa honetatik kanpo uzteko, ikasketa amaierako lana egin behar zuelako Madagaskarren. Azkenean jokatu egin behar izan du, ordea. Etxetok aritu behar zuen Sorhuetekin, baina min hartu zuen finalerdietan, eta beste bi hilabetean egon beharko du kantxatik kanpo. Horregatik sartu zuten finalean Ducassou gaztea Afrikatik etorri berritan, baina argi eta garbi ikusi zen ez dagoela bere sasoi puntuan.

Hala ere, galtzearen errua ez da berea, Sorhuetek ere ez baitzuen partida ona egin, baina bai aldiz beraien aurkariek. Harizmendik sekulako norgehiagoka egin zuen, atzean erabat nagusituz. Aurrean Larretxea ere ongi aritu zen, bere atzelariari lagunduz.

Zulo handia

Moderne bete zuten 1.500 ikusleek nahiko zuten neurketa estu eta ikusgarri bat, baina ez zen horrelakorik gertatu. Hasierako bi kintzeetan bakarrik izan zen berdinketa, baina hortik aurrera, txapela jantzi zuen bikotea jaun eta jabe izan zen.

26-4ko partziala lortu zuten, markagailuan 28-6ko emaitza jarriz, eta horrekin garbi geratu zen garaipena nora joango zen. Kantxan alde handia ikusten zen. Ducassou gaztea ez zegoen bere mailan, eta hori jokoan ere nabari zen, baina ez bera bakarrik, Sorhuetek ere ez zuen eman txapelketa honetan eman duen maila bera. Hala ere, galtzaileak ez zeuden azkar amore emateko asmoarekin, eta erreakzio txiki bat izan zuten 2-6ko partziala lortuz, baina 30-12koarekin garbi zegoen emaitza erabakita zegoela. Galtzaileek zenbat kintze egingo zituzten jakitea baino ez zen falta, eta 19n geratu ziren bukaeran.

Horren amaieran etorri zen berria, ordea: honekin, eta aurtengo denboraldiaren amaieran, Olivier Larretxeak pilota profesionala utziko zuela iragarri zuen. Azken urte hauetan binakako final batean baino gehiagotan izan da Zuraideko aurrelaria, baina atzo jantzi zuen bere lehen txapela. Larretxearekin, badoaz 70eko hamarkadaren hasieran jaiotako pilotariak. Ibarrola izan zen joaten lehena eta atzetik Ozafrainek jarraitu zion. Orain Larretxeak ere bide bera hartuko du.

Txapelketaren amaieran balantzea egiteko tenorea ere bada, eta ezin esan txapelketa ona izan denik. Antolatzaileek ere ez dute asmatu bikoteak egiterako garaian, eta gainera lesio ugari ere izan dituzte. Txapelketa tristea, oso tristea izan da, eta amaiera ere horrelakoxea izan da. Hemendik aurrera gazteen txanda izango da, baina garbi dago antolatzaileek gauzak beste era batera egin beharko dituztela hurrengo urtean.