GARA

Errezil eta Mutrikuren finantza egoerak hobera egin duela adierazi du Aldundiak

Egoera ekonomiko larriak eraginda, Errezilgo eta Mutrikuko udalek Bideragarritasun Planak osatu zituzten eta bertan finkatutako neurriak bete dituzte bi kasuetan. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bi udalerrien finantza egoerak «nabarmen» egin duela hobera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Errezilen eta Mutrikuren egoera ekonomikoak «nabarmen» egin du hobera. «Mutrikuko eta Errezilgo udalek Bideragarritasun Planean jasotako neurriak bete dituzte, oro har, eta jarritako helburuak hobetu dituzte», zehaztu dute.

Jakina da Gipuzkoako bi herriek «2011 amaieran egoera ekonomiko larria» zutela, «batik bat aurreko legealditik jasotako zorpetze handien» eraginez. Diru kopuru handiak itzuli behar zizkioten Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari, «aurrezki garbia sortzeko gaitasunik ezagatik eratorriak».

Egoera hori konpontzeko, Gipuzkoako Aldundiak nabarmendu duenez, 2012. urtean Foru Ogasunak bai Mutrikuko bai Errezilgo udalekin elkarlanean jardun zuen. Bi erakundeek Bideragarritasun Planak adostu zituzten.

Bereziki bi helburu finkatu ziren aipatu testuetan: aurrekontu-emaitza bermatzea eta zor bizia maila jasangarrietara bideratzeko ibilbidea marraztea. «Hori dela eta, aldian-aldian udalak kontu eman behar du Ogasunean exekuzioari buruz eta, era berean, Aldundiak Bideragarritasun Planaren betetze mailari buruzko txostena plazaratu behar du urteko likidazioaren ondoren», azaldu du.

Batzar Nagusietan txostenak

Oharrak aipatzen duenez, Ogasun Sailak igorri berri ditu Batzar Nagusietara bi udalei dagozkien txostenak: «Bi udalen kasuan 2011ko aurrezki garbia negatiboa zen, eta 2013ko likidazioan, aldiz, planean aurreikusitako aurrezki garbi positiboa nabarmen hobetu da.

Diruzaintza soberakinari dagokionez, berriz, bi udalen kasuan negatiboa izan zen 2011ko likidazioan eta, magnitude honi dagokionez ere, planean aurreikusitako soberakin positiboaren emaitzak hobetu ditu 2013ko ekitaldiaren itxierak.

Aldundiak gogora ekarri du «zor bizia» izan dela udalerri hauek izan dituzten arazoen iturburu nagusia eta bideragarritasun plana gauzatu beharra ekarri duena. «Kasu honetan ere planean aurreikusitako mugetatik nabarmen jaitsi dira», ohartarazi du. Hala, planean jaso zenez, zor biziaren helburua 2020. urterako bete behar badute ere, Mutrikuren kasuan 2015aren amaieran eta Errezilen kasuan 2017ko amaieran erdiestea espero da.

Jakinarazi dutenez, Mutrikun eta Errezilen bi urtetan %12ko igoera izan dute sarrera arruntetan; besteak beste, «udaletan zergen kudeaketan egindako hobekuntzengatik eta hartutako neurriengatik».