Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Ez dira oporrak denetzat

Oporrak! Azkenean heldu dira! Gazte askorentzat eta irakasle guztientzat pausaren hartzeko ordua etorri da. Pozik hartzen ditugu hauek. Urte hondarra beti zaila izaten da eta datorren urteko kezkak han, eskoletan, utzi nahi ditugu. Abuztu bukaeran aurre eginen diegu. Hau da pelikulako alderdi ona. Izan ere, azken urte hauetan, gero eta gehiagotan ikusten ditugu gazteak lan bila ibilki. Lan bila ikasketen ordaintzeko. Alta, soziologoek frogatu digute, ikastea eta lan egitea batean oso zaila izaten dela, ikasketak gero eta zorrotzagoak direlako. Ondorioz, denbora asko dedikatu behar zaio ikasketei azterketen gainditzeko.

Bai, udan lan egitearekin ez da diru aski biltzen ikasketak pagatu eta urtean zehar bizitzeko doiaren irabazteko. Urtean zehar ere lan egin behar da. Ikasketak diru egoera latzean bizi direnentzat urruntzen ari dira. Hau kezka handia bihurtzen ari da, titulaziorik gabe lana aurkitzea zailagoa dela erakutsi baitigute. Orain arte euskaraz ikasteko aukera bermatua izatea nahi genuen, gaur egun ikasketak denei irekiak izatea behar genuke.

Dudarik gabe, ez dira oporrak izanen ere buraso guztientzat, askok hiru aste baizik ez baitute udan hartzen. Hauek beste kezka dute haien haurrekin zer egin ez dakitela. Izan ere, haurrek bi hilabetetako opor horietan okupatu behar baitira. Aitatxi eta amatxirik ez bada, atsegin zentroetara! Baina zentro horietan ez da beti begirale euskaldunik. Hau ez da haur txikiak direlarik kudeatzen erraza, batzuetan kezka bihurtzen da zenbait egunetan. Gure haurrak euskaldunak dira; ingurunea, batere ez zenbait eremutan, eta beste hizkuntza bat harrapatu behar dute berehala. Haur batzuek kontatzen zuten atsegin zentrora joaten zirelarik jokoz kanpo gelditzen zirela. Pastela ekarri behar zelarik, esku hutsik heldu ziren erran zietena ez zutelako ulertu, mozorrotuak etortzea eskatzen zelarik mozorrorik gabe sartzen ziren. Beti jokoz kanpo. Ez dira beti opor gozo-gozoak izaten, batzuetan gazi-gozoak gure haurrentzat.

Oporrak ez dira guretzat bakarrik. Oporrak dira uholde moduan etortzen diren horientzat. Herri batzuetan herritarren kopurua hamar aldiz biderkatua da. Itoaldi moduan hartzen dugu hori askotan. Zaila da komunikazio zerbait lortzea atsedena hartzera soilik etortzen denarekin. Uda beharko dute burasoek eskola erreformari aurre egiten hasteko, azken asteetako debateak ez baitira bukatuak. Parisek erabaki erreformak arazoak sortu ditu, erritmo berriekin ekintza asko antolatu beharko baitira ikastoletan haurren beharrei erantzuteko. Erreforma bat dekretatzea ez baita aski, praktikara eramateko tresna asko behar dira.

Parisek beti sorpresak baditu guretzat; azkena, prokuradore berria. Samuel Vuelta deitzen da, Madrilen magistratua izandakoa da; alegia, aurreiritzirik gabe etorriko dela Baionara! Dagoeneko iragarri digute Euskal Herriko borrokari buruz gauza «objektiboak» idatziak dituela liburu batean !

Ez dakit euskaldunentzat atsedenik hartzeko unerik baden, kanpotik eta barnetik oztopoak jartzen dituzte irudimen ikaragarriarekin. Gu beti aitzina!