Nagore BELASTEGI
Belkoaingo lubakietara bisita

Oroimena lokatz eta sasi artean ezkutatzen denean

Teoria ez da ikasteko modurik onena, ezta interesgarriena ere. Ondo dakite hori Belkoain mendiko lubakietan lanean ari diren gazteek, 36ko gerrari buruzko lekukotzak bertatik bertara jasotzen ari direlarik, lubaki artean.

Adunako Udaleko artxibo zaharrak aztertzean konturatu ziren 36ko gerra garaian frankistek talka egin zutela Belkoain mendian kokatutako Saseta defentsa-sistemarekin. Nafarroatik sartu eta berehala iritsi ziren Tolosara. Hilabete kostatu zitzaien, ordea, aurrerago jarraitzea Aduna, Zizurkil eta Asteasu inguruan erresistentziari ekiteko prest zeuden lubaki ugari zeudelako.

Garai hartan mendia soroz beteta zegoen eta, beraz, 400 metrotik gorako garaiera duen gune horretatik inguruko herrietan gertatzen ari zena ederki kontrolatzen zuten soldaduek. Egun, berriz, baso itxiak daude garai hartako defentsa postuak estaltzen. Horiek berriro agerian uzteko arduradunak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera lanean ari diren ikasleak dira. Gehienak Historian graduatuko dira urte gutxi barru eta halako ekintzak oso baliagarriak eta interesgarriak zaizkie. «Ni lehenengo ikasturtean nago eta honek nire jakintza zabaltzen du. Oso esperientzia ona izaten ari da gerrari buruzko xehetasunak ikastea», azaldu zigun Leire Arana gazteak. Era berean, memoria historikoa azaleratzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Mendian gora egin behar da lubakietara iristeko, pista eroso batetik lehenik, lokaztutako bide kaxkarrago batetik ondoren, eta harri pilak eskuinean gelditzen dira. «Ikusten dugun hau lehen sasi artean zegoen», aipatu zuen Josu Amilibia Adunako alkateak. Honen esanetan, maldan beherago dagoen lubakian ez zen egituraz aparte beste arrastorik aurkitu. Gorago dagoen horretan, berriz, balak eta burdinazko beste elementu batzuk aurkitu dituzte. Hor daude ikasleak, uztailaren 7an hasi zen auzolandegian buru-belarri. Bi harri ilaren artean lurra kentzen dute, kontu handiz, inguruan aurkitzen dituzten gauzak aztertuz. Aurretik inguruak garbitu behar izan zituzten, lubakia ia ez zelako ikusten. Martxa politean doaz eta egun gutxitan asko aurreratu dute. Bi lubakiak desberdinak dira: «Gune hau lubakiz josita dago, Karlistaden garaikoak ere badaude. Gure teoriaren arabera, zenbaitetan lehendik eraikitako egiturak erabiltzen zituzten. Adibidez, beheko lubakia segur aski lursaila banatzeko erabilitako pareta bat zen eta gerra garaian ondoko lurra zulatu zuten, besterik gabe. Goikoa, berriz, eraiki egin zuten, eta horregatik dauzka bi pareta», kontatu zuen Adunako alkateak.

Artxiboei arrazoia emanez

Artxiboei esker jakin dute ehunka metro osatzen dituzten lubaki hauetan ehun biktima inguru izan zirela. Hala ere, gorpuzkirik ez dute bilatzen, auzolandegia arkeologikoa eta akademikoa da soilik. Indusketez gain, auzolandegiaren barruan adituen hitzaldiak prestatu dituzte ikasleentzat eta bisita bereziak egin dituzte. «Herrietako adinekoen edo haien seme-alaben testigantzak biltzen ari dira», azpimarratu zuen Amilibiak, Javi Buces Aranzadiko historialariari hitza eman aurretik: «Frankistak aise samar sartu ziren Tolosatik eta hemen kokatu zen erresistentzia. Artxiboetan agertzen dena baieztatzen ari gara aurkitutako bala eta kargagailuekin», esan zuen.

Metal detektagailuak etengabe egiten zituen soinuak, edonon aurkitu baitaitezke balak, baina baita jateko erabiltzen zituzten koilara eta sardexka apurtuak ere. Denbora luzea ematen zuten soldaduek lubakietan, eta bertan egiten zuten bizitza. «Abuztua eta iraila bitartean, hilabete osoan zehar, izan ziren hemen gatazkak -adierazi zuen adituak- Belkoain mendiko lubakiekin amaitzerakoan Zarateko bentakoekin hasiko gara».

Udako Euskal Unibertsitatearen, Udalbiltzaren, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka «Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila» ekimenak, eta horregatik erakunde horien ordezkariak izan ziren lubakietako lanak ikusten. Auzolandegiaren helburua gertatutakoaren egia bilatu eta hedatzea den heinean, balio hori nabarmendu nahi izan zuen Martin Garitano diputatu nagusiak: «Egiten ari diren lanek 40 urtetan zehar eskubide eta askatasun guztiak zapaldu zituztela ez ahazteko balio dute».