Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Hauteskunde zikloa: aukera politikoa

Euskal Herriaren abiadura politikoa mantsoan mantendu nahiko luketenen diskurtsoetan, normaltasunaren eta erantzukizunaren apologia errepikatzen ari da. EAJk euskal instituzioen jarduera normalizatua ziurtatzeko erantzukizun politikoa eskatu du, alderdi proiektuen gainetik suspertze ekonomikoa eta egonkortasun instituzionala bermatuko duten akordioak lehenetsi behar dira. UPNk Nafarroak dituen erronka politikoei ekiteko konpromisoa berretsi du, Nafarroako Foru Erregimena zalantzan jartzen duten Espainiako gobernuen errekurtsoen aurrean leialtasuna eta egonkortasunerako konpromisoa adierazten duen bitartean. Confebaskeko presidenteak, enpresariek ongizate sozial eta hazkunde ekonomikoarekin duten ardura azpimarratu berri du. Bide batez, euskal jendartearen moderazioa eta lasaitasuna txalotu du, enpresari eta langileen konpromisoari esker lan baldintzak ez omen dira okertu, azken urtean gatazkak gutxitu dira eta inportanteena dena: enpresa guztion proiektu bezala ulertzeko bidean dago.

Adierazpen hauen helburu nagusia Euskal Herrian gertatzen ari diren kontraesan politiko eta sozialen bizitasuna ezkutatzea da. Estatuaren lurralde krisia irekia dago, Estatuaren olatu zentralistak erkidego autonomikoek bidegurutzean kokatuak dituzte eta independentismoaren kontrako salbuespeneko politiken norabidea eztabaida mahaian dago. Udal eta foru hauteskundeetarako 9 hilabete falta direnean hausnarketa politiko zintzorako garaia da, euskal jendarteak horrela eskatu eta merezi du. Gainera, austeritate eta murrizketan oinarritutako politika neoliberalek botere ekonomiko eta politikoaren arteko lotura osoa bihurtu dute. Politika publikoak behar ekonomiko eta finantzarioen arabera zehazten dira. Ondorioz, jarduera instituzionalaren demokratizazioa, burujabetza politiko eta ekonomikoa eta erabakitzeko eskubidearen aitortza zein garapen osoa langile eta herritarron ahalmentzerako oinarrizko baldintza bihurtzen dira.

Egoera orokor honetan, ireki den hauteskunde zikloa aukera politiko bilakatu behar dugu, aktibazio eta erabakitzeko ahalmena gauzatzeko esparru izan behar da. Urte politiko honek benetako eztabaida politikoaren jendarteratzearen garaia behartu behar du, demagogia elektoralen gainetik, euskal jendarteak dituen ataka historikoen aurrean norberak dituen bide orriak agerian uzteko momentua heldu da.