Ane ARRUTI
Interview
JON ARTANO
Kazetaria

«Europa zeharkatu nuen bizikletaz eta tapa-tapa esango nizkizuke 90 egunetako nondik norakoak»

Zestoa utzi eta Kanadako mendebaldeko kostan izan da urtebetez, Vancouver hirian. «Herritik kanpora bizitzea zer den probatzea nahi nuen aspaldidanik eta horregatik joan nintzen. Aspertu ez beste dena egin dut han: ingelesa ikasi dut, komunikazio ikasketak egin, ofizio berri batzuk probatu, eta jende mordo bat ezagutu ere bai».

ETBko albistegietan ikusiko dugu orain lanean, baina herriko jaietan buelta txiki bat ez dio inork kenduko.

Oporrik izan al duzu aurten?

Aurten gutxi, juxtu azken hiruzpalau egunak, eta Madriletik ari natzaizu idazten, hona etorrita nago-eta hiriaz gozatzera. Iaz, Kanadan nintzela, bidaia gogoangarria egin nuen han ezagututako lagun bizkaitar batzuekin. Kayakean ibili ginen Ozeano Barean, eta, gero, autokarabana handi bat hartuta, the Rockies edo Mendi Harritsuetaraino heldu ginen. Latza.

Oporretan kanpora joatea gustatzen zaizu edo herria zaintzen geratzen den horietakoa zara?

Jeneralean nora-nora joaten naiz. Umetan gurasoekin Gaztelan barrena ibili ginen, gaztetxotan Pirinioetara joaten hasi ginen lagunekin, eta geroztik urtero samar nonbaitera, alforjekin edo motxila handiarekin gehienetan.

Egindako zein bidaia duzu kutunen?

Orain pare bat urte Europa zeharkatu nuen bizikletaz, herritik Istanbuleraino. Hiru hilabete izan ziren, eta tapa-tapa esango nizuke nondik nora ibili nintzen 90 egun horietako bakoitzean.

Eta zein egin nahi eta oraindik aukerarik izan ez duzuna?

Hurrengoa, jakina, kar, kar... Ez, oso amestia naiz ni eta ia edozein lekurekin pentsatzen jarrita emozionatu ninteke.

Zure oporretan bertsoek ba al dute lekurik?

Ez ikaragarri. Baina pare bat aldiz tokatu zaizkit bertsotan dakiten lagunak road trip luze horietakoetan eta, bai, orduan jardun izan gara lardaskan.

Herriko jaiak ospatzen ari zarete orain, zer gomendatuko zeniguke?

Gure herriko plaza ezagutu beharra dago. Urte osoan zehar da ikusgarria bere soiltasunean. Festetarako, ordea, barrerak muntatzen dituzte arotzek. Egitura arkitektoniko bakana da, artisautza lan harrigarria! Ehunka lagunentzako harmailak altxatzen dituzte lehengo legera: oholak iltzeekin josiz. Ikusi nahi duenak aurten du zita, segurtasun santuaren izenean muntatze sistema moderno batez ordezkatuko dute-eta. Gaizki ulertutako aurrerabidea, badakizu...