Onintza Enbeita
UDATE BETE

Kanpantxu

Sasoi batean Kanpantxun hasten genuen uda. Oporrak hartu eta laster, Jon Lopategik deitzen gintuen, eta Kanpantxura joaten ginen hiru egunerako. Muxikatik Kanpantxura kilometro gutxi daude, baina beste mundu batean sartzen nintzen han: Bizkaiko bertsolari eta bertsozale gazte mordoa elkartzen ginen eskola zaharreko literetan, beheko suaren ondoan, sukaldean zein atartean.

Gerora, bertsolagun, lagun edo ezagun izan dudan jende asko ezagutu nuen han. Batzuen pista galduta ere badaukat. Han ezagutu nuen Alaitz Areitio, han mirestu nituen Iturriaga eta Elorza modako bikotea zirenean, hara etortzen ziren ugartetxeatarrak, han flipatu nuen Etxebarriko ekipo osoarekin, orduan ezagutu nituen gojenolatarrak, eta han eskakeatzen ziren arratiarrak azken egunean garbiketa egitetik, han ere amama genuen Iratxe Ibarra, eta han munduko mutilik guapoena zen Peru Aranburu, eta han deskubritu genituen hiriguneetako lehen bertsolariak, eta Kanpantxun gure seme-alabentzat aita ideala zen Ibon Iza, eta han enbeitatar askotxo biltzen ginen gauza onerako, eta han lehenengo zirriak joan zitzaizkien (edo zitzaizkigun) askori, eta han ibiltzen ziren Txabi Ajuria eta Kepa Intxausti erregetzarako lehian. Kanpantxuko eskola zaharra magikoa izaten zen gure uden hasieran, Aste Santuan eta Gabonetako oporretan.

Jon Lopategiri eskertzekorik ezer badaukat, horixe da: mundu oso bat jarri zidala eskura asko gustatzen zitzaidan zerbait garatu nezan. «Atara paparra», esan zidan lehenengo Kanpantxukadan bertsotan atera ninduenean: «Hona eztogu neska motzik ekarten!». Paparra atera errez esaten da, baina denbora baino lehen titiak hazita nola ezkutatu ez dakien neska batentzat ez da erraza. 12-13 urterekin eguneko ordu asko pasatzen nituen paparrak nola ezkutatu kalkulatzen.

Baina ez dut horregatik Lopategi gutxiago maite. Kantatzen genituen Matxalen Busturikoarenak, Lekeitioko kalian errondan zebiltzan andreenak, Xalbadorren bertso zaharrak... eta egiten genuen bertsotan. Hortik aurrera, ez zigun inolako mugarik jartzen. Zenbat aldiz pentsatu ote genuen ez zela ezertaz enteratzen... eta zenbat aldiz egingo ote zuen benetan ez entzunarena edo ez ikusiarena guk gure gauzak egiten lasai jarrai genezan.

Bihar, udaren amaiera berezia izango da niretzat. Ez da asko falta udazkena hasteko, baina sasoi batean hasten genuen moduan amaituko dut uda aurten: Kanpantxukada daukagu. Bazkaltzera goaz guztiok batera, Loparekin. Ez dakit bera urduri egongo den, baina ni emozionatuta nago. Badakit, joan den hamar urte inguruan ikusi ez dudan jendea ikusiko dudala, urteekin lagun egin ditudanak ere etorriko direla, bizitzaren injustiziak lapurtutako norbaiten hutsunea egongo dela, eta Alaitz ez dela egongo Rennesen daukatelako preso. Egun zoragarria izango da guretzat, eta dena, egun batean, Loparen burutik ideia ero bat pasatu zelako.

Ez diot testu honetan inori omenaldirik egin nahi, ez nuke Kanpantxukada gauza serio eta solemnea izaterik nahi. Nahikoa erregalu da neuretzat zein gutako bakoitzarentzat halako mahai inguru batean berriro elkartzea, eguna konpartitzea, eta sasoi batean bezain libre ibiltzea egun batez bada ere. Nostalgiarik gabe: orain garena izanda, orduan ginena ahaztu gabe. Eskerrik asko Lopategi Kanpantxura eramatearren; baina, batez ere, eskerrik asko hara joaten zineten guztioi. Plazer handia izan zen eta da zuekin topo egitea.