M. E.
UDATE BETE

Mozorro erakusketa eta lehiaketak goraka jaietan

Errealitateari irri egiteko bitarteko paregabeak dira mozorroak eta zer hobe herrietako jaiak halakorik egiteko. Tradizio luzekoak dira mozorro erakustaldi edo lehiaketa batzuk, apalduta egon eta berriz ere berpizten ari dira beste hainbat, berriak ere badira tartean. Askotarikoak izanik ere, parte hartzaile eta ikusleei irribarrea eragiten diete guzti-guztiek.

Inauteriei erabat lotutako usadioa jaietako programetara zabaldu da, eta nola gainera! Gero eta ohikoagoa ari da bilakatzen herrietako jaietan mozorro egun eta gauak antolatzea, eta, kasu askotan, gainera, lehiaketei lotuta izaten dira, ideiarik deigarri eta originalenak saritu eta, bide batez, atrebentzia bultzatzeko.

Legution gaur bertan botako dute jaiei hasiera emango dien suziria eta programa osatzeko batu dituzten ekimen guztien artean nabarmentzekoa da bihar bertan egingo duten mozorro desfilea. Aspaldiko ohitura dute Arabako herrian jaietan mozorrotzea, baina, urte batzuetan gainbeheran egon ostean, iaz erabaki zuten berriz ere bultzadatxoa ematea.

Hainbat sari

Arrakastatsua izan zen ekimena, eta aurten are eta jende gehiagok parte hartzea espero dute. «Uda guztian zehar Gazte Asanbladako kideak lanean aritu dira jendea animatzeko, eta, beraz, desfilea jendetsuagoa izango dela uste dugu», aitortu du Legutioko Udaleko Kultura teknikari den Estitxu Iturratek. Hainbat sari banatuko dituzte. Handien kasuan, taldekakoa, bikotekakoa eta banakakoa. Txikienentzat beste hiru sari ere badituzte.

Gaia librea da, eta, beraz, norberak erabakitzen du mozorroen bidez errealitateari nola begiratu. Jantziekin soilik edota karroza eta guzti, «azken batean helburua ondo pasatzea eta mozorroaren inguruan jai giroa indartzea» da.

Horretaz zerbait badakite Porrontxoetan. Datorren ostegunean botako dituzte pregoia eta suziriak, baina bihar bertatik jai usainean izango da Donostiako Egia auzoa. Egitarau oparoan, mozorroek eta karrozek leku aproposa dute, hain justu, ostegun arratsaldean. Kuadrillen jaitsiera koloretsua egiten dute; txikienek lehenik eta helduek ondoren. Bertaratu eta bide bazterrean pilatzen den jende guztiaren gozagarri, jai giroa eta imajinazioa astinduko dituzte iluntzeko zortzietan igoera abiatu eta gaueko hamarretan karroza lehiaketaren irabazleak ezagutarazi bitartean.

Aurtengoan bultzada

Gaur iluntzeko zazpietan jaitsiko da Tripafina eta abiatu dituzte Dulantziko jaiak. Hilak 21 arte ikuskizun, musika emanaldi eta ekitaldi ugari daude, baina Follón Formales kuadrilla tematuta dago, datorren ostiralean egingo den zezenaren afaria eta haren baitan egiten den mozorro lehiaketa indartzeko. Kuadrillako kide da Iñaki Gaztemintza. Azaldu duen moduan, «krisia tarteko» azken urteetan asko jaitsi da jai honetara bertaratzen den jende kopurua eta, hori dela eta, aurten esfortzu berezia egiten ari dira hura indartu nahian. Ez dute eskakizun handirik egin; «Txiflicenca» izenez bataiatu duten afarira zuriz jantzita etortzea besterik ez. «Iritsitakoan guk geuk banatuko dizkiegu bildutakoei afariari kolore pixka bat emateko osagaiak», azaldu du, herritarrei bertaratzeko gonbita egiten dien bitartean. Afaria eta mozorro festa gaueko hamarretan izango dira.

Urdulizen haurren bueltan antolatzen da mozorro lehiaketa, eta, Karmen Kareaga Udaleko Kultura zinegotziak aditzera eman duenez, jende andanak parte hartzen du ekitaldi honetan. «Haurrak janzten dira, baina heldu ugarik ere parte hartzen du ekitaldian, bai antolakuntza eta prestakuntza lanetan lehenik bai laguntzen ondoren», aitortu du.

Pozik daude ekitaldi honek herritarren artean sortzen duen erantzunarekin, gero eta gehiago direlako mozorroa jantzi eta jai gunera irteten diren haur eta gazteak. Bihar arratsaldean egingo da desfilea, 17.30etatik aurrera, eta «Sardina freskue» antzerki ikuskizuna amaitu ondoren banatuko dira mozorrorik hoberenak aitortuko dituzten sariak.