Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Sindikalismo abertzalea

Euskal sindikalismoak indartsu erantzun du 2007tik aurrera ezarritako austeritate planen neurri eta eraso ezberdinen aurrean. 2009 eta 2013 artean zortzi greba orokor antolatu ziren, horietako sei gehiengo sindikala ordezkatzen duten LABek eta ELAk bultzatuta. Mobilizazio dinamika horrek eragileon erresistentzia gaitasuna erakutsi eta erreferente bilakatu ditu lurralde ugaritan. Dinamika horrek, ordea, ez du euskal sindikalismoaren proposamen gaitasunak nagusitzeko erakusten zuen ahultze progresiboa eten.

2013ko maiatzeko grebak, gehiengo soziosindikal berri bat bultzatzeko konpromisoa ekarri zuen, gutun sozialaren prozesuari atea irekiz. Baina, sindikalismoa subjektu soziopolitikoa da eta modu autonomoan aztertu behar da ofentsiba kapitalistak eta demokratizazio zein burujabetza prozesuek ekartzen dituzten erantzukizunen aurrean.

Ofentsiba kapitalistak sindikalismoaren eragin gaitasuna ahultzeko ofentsiba ekarri du, baina, sindikalismoaren berritze beharra aurretik antzematen genuen. Globalizazio ekonomikoa, kapitalismoaren egiturazko krisia edota jendartean eta klase identitate zein egituran emandako aldaketak ez dira oraingoak. Egun, berriz, klase kontraesana edo gehien duen gutxiengoaren eta gutxien duen gehiengo zabalaren arteko ezberdintasunaren kontzientzia indartu egin da. Sindikalgintzak korporazioa alboratu eta langileon defentsa, elkartasuna eta erresistentzia antolatu behar ditu. Gutxituen bitartekoa bilakatu behar da, hurbila eta zabala.

Era berean, euskal sindikalismoak, klase kontraesana gaindituko duen sistema nagusitzeko eragile izanik, botere eta ideologia esparruak irabazteko estrategia soziopolitikoa eskaini behar du. Egun, Euskal Herrian, euskal komunitatearen bideragarritasun eta garapen ekonomikoa, euskal langilearen aitortza sozial zein politikoa eta burujabetzaranzko ibilbide demokratikoa borrokatzea klase estrategiaren ezinbesteko oinarri bilakatu dira.

Azken urteko ibilbidea ikusirik, sindikatu abertzale nagusiak ataka hauetan zatiturik eta irudiz konfluentziarako aukerarik gabe agertzen dira. Gehiengo sindikalaren adostasun ezak sortzen duen blokeoan kateatu baino, langile sektore ezberdinen aktibazio eta elkarlana bilatu eta sindikalgintza abertzalearen aitortza eta erantzukizun politikoa azpimarratu behar da. Epe motzean ezinezkoa dirudien dekantazio eta adostasuna epe erdian lortzeko baldintzak sortuz.