GARA DONOSTIA

Xilabak eta Arabako bertsolari txapelketak hartu dute abiada

Arabako eta Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketek ekin diote bideari, errimak josiaz datozen asteetan lehia betean sartzeko. Asteburuko aurrekanporaketan, Paula Amilburu eta Unai Mendibil sailkatu ziren Ozaetan. Muskildin, Sustrai Colinak lortu zuen segitzeko txartela.

Bi urtean behin izaten da zita eta entzuleek gustura hartzen dute udazken partean egiten den deialdia. Arabako eta Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketak hasi dira motorrak berotzen, eta lehenengo kanporaketekin eman diote abiada lehiari. Xilabako lehen saioa Muskildik hartu zuen larunbatean, eta bertan Sustrai Colinak eskuratu zuen jarraitzeko txartela, 232 puntu batuta.

Jarraian, Aitor Servier (210), Xan Alkhat (203,50), Egoitz Zelaia (189,50), Gillen Iribarren (186) eta Mixel Etxekopar (184,50) sailkatu ziren.

Amets Arzallus txapeldunaren faltan, ikusmira nabarmenagoa da aurten. Aukera guztiak zabalik daude Baionako Laugan azaroaren 15ean jokatuko den finalerako. Oraingoz, saioak erritmo onean hasi dira. Bai doinuz, baita errimaz ere. Muskildin, denerako tartea izan zen. Maia Etxartek gidatuta, umoreak, maitasunak zein euskarak izan zuten tokia oholtza gainean.

Colina bizkor aritu zen ofiziotan, Hiribarrenekin batera, AEKko ikasle berri eta oraindik ere frantsesez ari zaion auzo euskaldunaren paperetik. Urruñarrak Xalbadorri keinu egiteko baliatu zuen gaia, «ene frantsesa konprenitzeko euskara jakin behar da» kantatuz, Hiribarrenek «Sustrai mihirat luzatu zazu bihotz barnean duzuna» aholkatu zionean.

Umorea nagusitu zen ondoren ere, bai ofiziotan, baita kartzelako lanetan ere. Azken honetan, bertsolariek eskolako festara joan den pailazoaren paperetik kantatu behar izan zuten, aurrean irri egiten ez zuen haurra zutelarik. Hurrengo kanporaketa, larunbatean jokatuko da Senperen.

Arabarrak, 2015era begira

Ozaetan bildu ziren arabarrak. 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketan aritzeko hirugarren eta laugarren aurrekanporaketak jokatu ziren Iduia jauregian.

Oier Suarez aurkezle zela jokatu zen hirugarrengoa larunbatean, eta honela geratu zen sailkapena: Paula Amilburu, 206 puntu; Jon Ruiz de Pinedo, 165,5; Iker Pastor, 163,5; Asier Rubio 162,5; Josu Campo, 159,5; eta Iñaki Cabeza, 125,5.

Igandean, laugarren kanporaketan, Marta Ugarte aurkezle zela, Unai Mendibil nagusitu zen 184,5 punturekin. Atzetik izan zituen Unai Bengoetxea (182,5), Peru Abarrategi (176), Ainhoa Comas (144), Jon Sanchez (95) eta Maite Murga (92).

Gauzak horrela, bi saio hauetako irabazleek, Paula Amilburuk eta Unai Mendibilek hain zuzen ere, lortu zituzten zuzeneko txartelak, lehenengo bi aurrekanporaketetan, Kanpezun, irabazle izan ziren Zigor Enbetia eta Xabi Igoarekin batera.

Ozaetan kantatu zuten beste bertsolari guztiak zain geratu dira; beste hiru aurrekanporaketetan parte hartuko duten bertsolariek lortzen dituzten puntuen arabera sailkatuko diren ala ez. Guztira 13 bertsolarik lortuko dute aurrera jarraitzea. Azkeneko aurrekanporaketa, hurrengo larunbatean, urriak 11, jokatuko da Elosun.

HURRENGO SAIOAK

Larunbatean, urriak 11, Senpereko Larreko gelan jokatuko da Xilabako finalaurrekoetara sailkatzeko hurrengo kanporaketa. Araban ere larunbatean izango da azken aurrekanporaketa, Elosun.