Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kolaboratzaile soilei begira

Astero hemen idaztearen idazteaz eta, jakina, emakumea naizen aldetik, ziurtzat jotzen dute ingurukoek eta bestek emakumeon esfera zehatzari eragiten dion guztiak interesa pizten didala. Egia da. Ziur nago generoarekin loturiko gaiak, edo bestelako gaiak genero-ikuspegia galdu barik, lantzen dituzten pertsonei, nagusiki emakumeei, gauza bera gertatzen zaiela; aditutzat-edo jotzen dituztela, eta eurengana beste inorengana baino gehiago jotzeko joera sumatzen dutela sarri ingurukoen aldetik.

Eragiteko orduan, gizon eta emakumezkoon berdintasun benetako eta eraginkorra xede, irudipena daukat jada kontzientziatutakoei gehiegi zuzentzen gatzaizkiela, eta eurekin zerikusirik ez balu bezala bizi direnei, aldiz, gutxiegi. Bereziki eta zuzenean emakumezkoei eta oso zeharka gizonezkoei. Azken horiek, berdintasuna lortzeko nahitaezkoak izanik eta berdintasunaren ondorioak ezinbestean biziko dituztenak, laguntzaile soilak balira bezala, sostengu edo kolaboratzaile huts emakumezkoon borrokan.

Konbentzimendu osoa daukat huts egiten ari garela, jendarte gisa, horretan. Gizonezkoak ere geurera ekartzetik -sobera egon ez arren-, eurek beren ekimenez bat egitera eta berdintasuna beren funtsezko baliotzat jotzera igaro behar gara, horiez osaturiko jendarterik gabe jai izaten jarraituko dugulako beti. Emakumezkook bizi ditugun diskriminazioak, eskubide urraketak, indarkeria eta abar ez dira ezerezetik sortuak, edo munduaren nahitaezko nolakotasunak eragindakoak. Haragi hezurrezko egileak dituzte, izan dituzte jendarte ereduak eraikitzean, eta izango dituzte geurearen eraldaketan ere: gizonak dira. Sozialki, ekonomikoki, kulturalki eta pertsonalki eragiten diguten egitura sendoen arkitektoek beren ikuspuntu, nahi eta premietan oinarrituz garaturiko munduan bizi gara. Saiatzen ari gara aldatzen, oso erroturik dagoena eraldatzen, baina, eragile aktiboak izaten jarraituko duten heinean, emakumeok kontuan hartuta eta emakumeokin batera aurrera egin ezean, helmuga bera garbi eduki ezean, nora helduko gara?

Emakume kontzientziatuak, prestatuak eta ekintzaileak gero eta gehiago gara, zorionez. Tamalez, berdintasunari dagokionez gizon kontzientziatu eta aktiboak, ordea, oso gutxi, oraindik. Esku bateko atzamarrekin konta daitezke berdintasunaren aldeko gizonen elkarteak, esaterako. Era berean, beste eskuko hatzak balia ditzakegu emakumezkook osaturikoetan parte hartzen dutenak zenbateko. Irudipena daukat, esan bezala, erosotasun handiegian, bakeegian uzten ditugula, kontu larriak gertatzen direnean beren atxikimendua ematearekin nahikoa egingo balute lez.

Erronkak sobera ditugu esparru honetan, halere, funtsezkotzat jo beharko genuke -eremu guztietan, baina batik bat jendartea zuzentzen duten erakundeen arduradunek- kontzientziarik ez duten eta eduki beharko luketela ohartu ere egin ez diren herritarrengan eragiteko premia. Zalantza barik etorkizuna, geure esku bezala, haien mende ere badagoelako, erabakiak subjektu horiek ere hartuko dituztelako. Ekonomikoki, sozialki, kulturalki eta pertsonalki eragingo diguten ebazpenak, geuri eta atzetik datozen belaunaldiei.