Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Biharko eginkizunak

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren atarian, buru-belarri gabiltza mundu osoan askotariko mobilizazioen antolaketan. Gehienbat emakumeok, mota guztietako emakumeok. Hobe dugu-eta.

Ekitaldiok oso bestelakoak ikusiko ditugu, izango dira serioagoak -zorrozki instituzional erakoak-, izango dira informalagoak -herrikoiagoak-, ohikoagoak edo originalagoak... baina guztiak morez bustiak, begiradara kolore sinboliko hori ekarriko dugun heinean. Biharko eguna, bereziki, ez dadin oharkabean igaro, eta ez diezaiogun utzi mundu oso eta zabalean milaka eratan gauzatzen den indarkeria horri -eta atzean duen guztiari- behar bezalako arreta, behatzailea eta ekintzailea, eskaintzeari. Behintzat, azaroaren 25ari nolabaiteko eraginkortasuna eta zentzua emango badizkiogu; mundu mailako beste egun seinalatuen artean lauso eta indargabe galduko ez bada.

Lehenik eta behin, bihar, jendartearen oin-oinetik eta gailur-gailurreraino, hau da, herritar xumeen aldetik eta agintari politikoen ahotik, arazoa egon badagoela eta dimentsio larri eta kezkagarria duela berretsiko dugu. Jendarte gisa ez dugu jardungo geure buruari iruzur penagarri nahiz kaltegarria egiten. Ez dugu esango, esaterako, emakumeenganako indarkeria iraganeko kontua dela, nahiz eta oraindik hondarrak sumatu, «matxista porrokatuen» aldetik, batik bat. Ez diegu pentsaraziko gazteei, adibidez, garai bateko helduen ezjakintasun arazo bat zela, zenbait cro-magnonen jokabidearen eta oro har emakumeen pasibotasunaren uztarketa, eurengan gertaezina dena. Ez gara lasai asko geratuko sinesten eta sinetsarazten kasu zehatzak baino ez direla, muturreraino eramandako jokabide bakanak.

Bigarrenik, arrakalarik barik erakutsiko dugu lehentasunez jorratu beharreko gaia dela, denon partetik, esparru guztietan, ahalik eta lankidetza estu eta bateratuenean. Horrekin batera, arduradun politikoek hitz emango dute unean uneko aitzakiak tarteko ez direla ibiliko erakundeetatik ematen zaion garrantzi maila murrizten. Ezta gutxiagotzen ere, jakina, indarkeria erauzteko lan eskergari eta berau aurrera eramateko eragileei nahitaez esleitu beharreko baliabideak. Ez da bateragarria eta onargarria bihar adierazpen instituzionalak tinko egitea eta, aldi berean, emakumeen ongizatea, babesa eta berdintasunerako bidea emakumeon esku baino ez uztea, soilik jendartearen alderdi baten erantzukizun bilakaraztea.

Hain zuzen ere, gaurdaino, horrek jarraitzen du izaten jendarte mailan dugun arazo nagusietako bat (pertzepzio maila txiki-txikia bada ere): emakumeen kontrako indarkeria emakumeon arazotzat jotzen da, eta emakumeen aukera berdintasuna, eta erabaki askatasuna, eta segurtasuna, eta izaki burujabe eta autonomoa delako aitortza, besteak beste, emakumeok borrokatu beharreko auziak, laguntzarekin, bai, baina bakarrik. Pentsaerazko xehetasun hori irauli arte, azaroaren 25 asko izango ditugu; diskurtsoz, adierazpenez eta ekitaldiz gainezka, finean, beharrezkoak izaten segituko dutelako, jendartearen egitura oraindik izango delako horiek guztiek salatu nahi duten ororen hazkuntza lur. Morea barik, beltza.