Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Emakumeon eta euskararen egoera

Ez da lehen aldia eta, aldaketa sakonen moteltasun bereizgarria tarteko, ez da izango azkena emakumearen eta euskararen egoerak parekatzen ditudana. Izan ere, biek daukate aurretik nolakotasun bera: bigarren mailako, alegia, boteretsu eta garrantzitsuago baten bigarren. Gaizki diot, emakumeok eta euskarak ez baitaukagu ezaugarri hori, berez. Inposatu egiten digute; ez garai batean bezain bortitz, ezta hain nabarmen ere, baina zolitasunez, azerikeriaz. Azkenean, presentzia, garrantzi, aukera, aitorpen, askatasun... txikiagoak ematearen emateaz, horren kontrako jokabidea sustatuz eta balioetsi ezaz, lortuko dutelakoan: gu geu sentitzea gero eta David akituago gero eta Goliat indartsuagoaren aurrean, eta amore ematea, bizitza eroso eta atsegina besterik ez xede.

Duda barik, erronka beraren aurrean gaude, nor bere eremuan, emakumeok eta euskara. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den maila instituzionalean, benetan goi-goian, erabaki eta eragin daitekeen, beharko litzatekeen, tokian: babesaren eta sustapenaren aldeko hitz potoloak, unean uneko diskurtso irmotasunez blaituak, zer eta gero herritarrok ez-eraginkorrak garela edo, areago, trabatzaileak eraginkorrak -gezurrezkoak ere bai sarri- direla egiaztatzeko. Gure egunerokoan, diot, eta azalean; lana erdiesteko edo bertan gora egiteko orduan, osasun-arreta geure hizkuntzan jasotzeko unean; osasun-zerbitzu horietan besteren kontzientziaren mende gaudenean; gure ondorengoek beren heziketa osoa beren hizkuntzan bermatuta ez dutenean... adibidez. Diskriminazio positibo hain gaitzetsia, hain eztabaidatua, kasu, berdin jotzen dute erasotzat gizonezkoen gehiengoak nahiz, herri honetan, gaztelania-hiztun gehienek. Ondorioz, guztiekiko begirune sakrosantuaren izenean, aniztasunaren bizikidetza baketsuaren defentsa iruzurti bezain faltsuan, lehengo lepotik burua egoerak, eta pertsonok, jakina. Ad perpetuam?

Ez horixe, etzi ere Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunean -nork esango zigun hori, garai batean!- berretsiko dugun moduan. Sekula ez etsitzeko gaitasuna ere bertsua dutelako emakumeon eskubideen aldeko mugimenduak eta euskararenak. Baina bata edo bestea eta bata zein bestea osatzen dugun pertsonok badakigu aldarrikapena ez dela nahikoa. Garai askoz ere okerragoak eta latzagoak bizi izandakoen batailak eta sufrimendu nahiz pozak, lorpenak, ditugu horren adibide, eta lezio, batik bat. Ez balira izan, ez baliote eutsi, ez ginateke geure egoera ez-naturala planteatzen ariko ere; are gutxiago geundeke buru-belarri geurearen sareak ehuntzen eta jendarteko arlo guztietara zabaltzen.

Jakitun gara emakumeok eta euskaldunok, beren burua lehen mailakotzat duten horiek legez, bigarren mailako norbanako sentitzeari utzi izanak ez duela itzulerarik. Sentitzearekin batera, sarriegi, zenbat eta herritarrengandik urrunago, orduan eta salgai hutsago boterea dutenen ahotan, eta ekintzetan, beren etekin politiko soilerako. Horretan, batik bat, eskutik doaz emakumeon eta euskararen erronkak; kontzientziazioan, konplexuez askatu beharrean eta ahalduntzean bezala.