Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Herritarron sena

Tentazioa izan dut 2014ko azken artikulua urtean gertatutakoei errepasoa emanez idazteko, baina susmoa daukat halakoak sobera izango direla hedabideetan. Oro har edo esparruen arabera jazotakoak aletzeko idazkiak Gabon zahar gauean hamabi mahats-ale jatea bezain tradizionalak dira. Nik neuk gustuko dut ariketa-mota hori -idaztea, ez fruta irenstea-, balio duelako balantze-erakoa itxita uzteko.

Hurrengo urteari begira, 2015i, oraingoan. Beti izan ditut gustukoago zenbaki bakoitiak, inperfektuagoak-edo iruditzen zaizkidalako, beharbada. Asimetria ere maite dut, hala nola ez-uniformetasuna, askoren nahastea eta arragoa... forma- eta eduki-aniztasuna, finean. Ez naiz fio ordenatuegiaz, uniformeegiaz, ertzik edo desberdintasunik gabeaz; perfekzioak, bat eta bakar gisa ulertuta, susmo txarra eragiten dit, naturaletik ezer gutxi duelakoan.

Datorren urte berria, joandako guztiak legez, erronkaz gainezka helduko zaigu, beti dagoelako zer irauli, zer konpondu eta zer hobetu; hain gaude-eta urrun, ez perfekziotik, baizik eta berdintasunetik eta justiziatik. Pertsonok eta ez bestek borondatez eraikitzen eta banatzen, edo ez, ditugun horietatik. Nire nahi nagusia da, hastear gauden urte bakoitian, egundoko zisma gertatzea politikaren munduan. Itxaropena daukat asimetria eta aniztasuna, desberdintasuna eta nahastea ulertzen eta kontuan hartzen dituztenek txiki uzteko, oso txiki, bai han eta bai hemen jendearen kontrako politika egikaritzen dutenak. Krisia aitzakia, arlo sozialean, bereziki, gupidarik gabe atzera eramaten ari zaizkigunak eta horien guztien sustatzaile eta laguntzaileak. Desira osoa dut herritarrok kalean egin eta garatzen ditugun aldarrikapenak eta borrokak, mugimendu sozial anitz eta bizi hori guztia, maila instituzionalera eraman ditzaten, horixe xede izan behar duten politikariek. Geure lehentasunek eta euren agendetako lehenbizikoek bat egin dezaten, horixe gutxieneko zorra hautatzen dituzten herritarrekin, gidatzen duten jendartearekin. Gurekin.

Zeharo ulergarria den klase politikoarekiko erabateko mesfidantza- eta etsipen-garai honek ekarri du onik: jende arruntaren erreakzioa, esan nahi dut handiagoa eta nabarmenagoa, eta, inportanteena, antolatuagoa. Euskaldunok zehazki, zapalkuntzak eta bidegabekeriak eragindako senez, barneratuago daukagu mugimendu sozialaren premia eta indarra, baita auzolanean eta kolektiboki lan egiteak dakarren lorpen-mailaren kontzientzia ere. Geurean, garaipenak ez dira berehalakotasunaren fruitu, baizik eta urte luzetako ahalegin handi eta irabazi-galera askorenak, eta egokituz eta bilakatuz, etengabe asmatuz, aurrera egiten jakin izanarenak. Irudipena daukat, orain, inoiz baino hedatuago dagoela sen hori, atzera bueltarik ez duela...

Ez naiz honen xaloa pentsatzeko 2015ean, bat-batean, dena bilakatuko dela on eta justu, aldaketak gertatuta ere ez dudalako sinesten aldaketa sakonen berehalakotasunean. Bai, ordea, poliki eraldatuz joan diren pentsaeren eta jarreren ahalmenean, batzuen eta besteen batasunean. Nagusiki, uniformetasun eta ordena faltsuei behingoz bukaera emateko herritarron gogoan. Desiraren boterean.