Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Bestelako argiak kalean

Amaitu da. Atzean dira iazko Gabonak... eta aurrean hurrengoak, Jesus, Maria eta Jose! Momentuz joanak dira gameluak eta erregeak, paje asko hemen geratu arren. Joanak ere urte amaieran telebistaz emandako diskurtso hutsalak; apenas behar da haizerik hitzok uxatzeko. Tira, urte berria abian da, gorabeherak bidaide. Alertak eta alarmak Sena ibaiaren inguruan, gaurko zibilizazioetan sena basamortuan ura baino urriagoa den seinale. Planeta ez dago sano burutik, bere errua ez bada ere. Eta ez du ematen minbizi horretarako txerto egokirik dagoenik, epe motzean sikiera, are gutxiago gaurko merkatu globaleko industria farmazeutikoen katalogoetan. Bide berriak asmatu, eta ibili, beharko dira han-hemenka... planetaren sendabidean. Lokalean zein globalean aritu. Eta satira lagun, beti ere.

Gameluak joan bai, ez denak baino, baina argiak oraindik ere eskegita hainbat hiritako kale nagusietan. Ez dakit kendu eta neguko udal-gordailura bilduko dituzten ala zuhaitzetan bertan utziko dituzten, txorien izorratzaile; azken finean, hurrengo Gabonak ez daude hain urrun! Gainera, erakusleihoetako etiketak argitu ditzakete, beherapenen egiaztagarri.

Beherapenak hemengo saltokietan eta beherapenak ere Eurozonako herrialde batzuek duten zorretan, are gehiago Greziak bestelako norabidea hartzen badu. Nork-Nori-Zor argitzeko prest azaldu da hango bestelako ezkerra, botere-gune bidean. Erreferentzia polita kontinente zaharrean paradigma berriak lekuz leku gauzatu eta uztartzeko, Mediterraneotik Atlantikoraino. Total, hango zorra beheratze bidean jartzeko aukerak zorabioa sortu du Europako batzuengan eta zoramena beste guztiengan.

Bitartean bestelako argiak izan dira atzo Bilboko kale nagusietan. Meteosat lekuko. Iaz ur tantak izan ziren, olatutan, eta aurten itsaso horretan botatako sareek era askotako aleak bildu dituzte, tamaina guztietakoak. Kanpaina horretan ez dago kuota-mugarik, ez dago deskarterik, denek dute balio, are gehiago lehorrean.

Kontua, baina, stocka etengabe handitzen joatea da, era guztietako uretan bolantak askatzen, atzokoa ez dadin bihurtu urteroko ekitaldia, tradiziozkoa, horretarako beste motibo asko ditugu eta. Argi dugu! Euskal Herrira! Now, Orain. Atzoko argi-izpiak lekuko.