Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Fiskalak eta prokuradoreak

Estatu espainoleko Auzitegi Goreneko sei epailek diotenez, Auzitegi horrek Estatu frantsesean betetako zigorrak aintzat hartzeari buruz emandako epaiak kontrajarriak dira. Epaile horiek diotenez eta epai horiek irakurri dituen edonork dakienez. Izan ere, preso batek Estatu frantsesean betetako espetxealdia kontuan hartzea erabaki zuen iaz eta urtebete baino gutxiago igaro ondoren beste bati Estatu frantseseko espetxealdia kontuan ez hartzea... fiskalak eskatutako moduan.

Sei epaile horiek 197/2006 doktrinaren amaiera bera iragarri diote Gorenaren erabakiari. Doktrina hura aplikatzeko erabakia Gorenak berak ezarritako jurisprudentziaren aurkakoa izan zen, Gorenak ezarri baitzuen zigorren denbora neurtzeko modua eta ondoren bertan behera utzi baitzuen modu hori... fiskalak eskatu bezala.

Atzo aztertu zuten, Parisen, duela ia bi urte Frederic Haranburu Xistor-ek egin zuen baldintzapeko askatasunaren eskaera, eta martxoaren 27an erabakiko dute. Biziarteko zigorra ezarri zioten, gutxienez 18 kartzela urte betetzeko xedatuta. 25 bete ditu dagoeneko, baina bada gutxi iruditzen zaizkionik. Xistor-ren abokatuak atzo jakinarazi zuenez, epaileek eta Administrazioko langileek baldintzapeko askatasunaren adeko iritziak agertu zituzten. Prokuradoreak, berriz, aurkakoa. Prokuradorea akusatzaile publikoa da, Hego Euskal Herrian «fiskal» esaten dioguna, alegia. Eta Estatuak, Estatu frantsesak ere, uste du nik gizartean ezin errotu eta maitatuago ezagutu nuen laguna ez dagoela gizarteratzeko prest.

Aspaldi, oso aspaldi, ezagutu nuen Xistor, Senpereko dantzari eta atabalaria. Baionan edo Gasteizen, ez dut gogoan. Askotan suertatu izan ginen elkarrekin, Baionan, Gasteizen eta beste leku askotan. Hamarren bat urte igaro ziren elkar ikusi gabe eta egun batean haren atxiloketaren berri jakin nuen. 1990eko apirilean, hain zuzen. Espetxean da ordutik, patioko harresiak zerumuga, ziegako hormak besarkada.

Xistor eta beste ehunka lagun atxilotu zituzteneko testuingurua guztiz desberdina da egun; hori dela-eta, Ipar Euskal Herriko indar politiko eta sozial gehien-gehienak ados dira gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko bideari heldu beharra dagoela, eta hala eskatu diote Parisko Gobernuari. Eta Estatu frantsesak eta espainolak besteak beste beren fiskalen ahotik erantzuten dute behin eta berriz.