Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Barne demokrazia

Bertrand Russel-ek, bere «The conquest of happiness» ospetsuan, demokrazia inbidiaren ondorioa dela dio. Salbuespen eta pribilegioak unibertsal bihurtzeko joera bat. Jarduera publikoarekiko hurbiltasunaren izenean alderdiei eskatzen zaien barne demokraziak, ostera, talka egiten du alderdi politikoetako agintariek eraginkortzat duten antolakuntza ereduarekin.

Izan ere, Mendebaleko gizartean nagusi diren ideologiek, sortu ziren garaiko ekonomia industrialeko antolakuntza mota erabat piramidala eta lan banaketa espezializatua dakarte euren kode genetikoan iltzaturik.

Ezkerreko zein eskuineko, buru sortzaile gutxi batzuen esanak burutzen dituzten milaka eskuko sistemak dira gehienak. Elite pentsatzaileek, horrela, izugarrizko boterea kontzentratzen dute. Buru distiratsuz osoturiko kasu historikoetan eskertzekoa izan dena, bestalde.

Ekonomiaren ikuspegitik, ostera, guztiz gainditutako paradigma da, teorikoki, politikagintzan hain indartsua den batzuek pentsatu eta besteek kartelak itsastearen (hiperbole bat da) antolaketa eredu «fordista». IE Business School-ek antolatu berri dituen gogoeta jardunaldietan Walt Disneyko senior manager Juan Gorritxok esan bezala: «Egungo ekonomian beharrezkoa da enpresako langile xumeena ere ekarpenak egin eta bere kasa ekinbideak garatzera bideratutako enpoderamendua».

Bide beretik, Obamaren aholkulari John Hope Bryant-ek ere elkarteen demokratizazioa abantaila konpetitiborako pauso bihurtzen duen prozesuan proba-akats dinamikak lasaitasun osoz hartzeko iradoki zuen.

Alderdi politikoetako buruzagiak, kudeatzeko zailtasunagatik, akaso, hainbeste beldurtzen dituen eta ez eraginkortzat jotzen duten informazio sekretu minimodun debate horizontal organikoa aspaldi frogatu zen egungo piramidea baino eraginkorragoa dela. Horrela garaitu zituen erromatarrak Cannaen Anibal Barca kartagotarrak K. a. 216. urtean. Berrogeita hamar gizoneko taldeetan antolatutako 10.000 buruk buru bakarrak gidatutako ehun mila erromatarreko armada sarraskitu zuten.

Mezua argia da antzinarotik, buru gehien aktibatzeko gai denak irabaziko du borroka.