Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Delitu

Interesik pizten ez duen hauteskunde kanpaina hastekotan dago. Martxoaren 22a izanen da lehen txanpa. Inkesta batean frantsesen herenek diote ez dakitela deus heldu diren hauteskundeez. Gazteen erdiek ez dakite zer eta zertarako diren. Otsailaren erdian egindako beste inkesta batek zioen herritarren %58k ez zutela bozkatuko. Horrez gain inkesta desberdinek diote %26-30 artekoa izanen dela FNren emaitza. Ez du horrek erakusten zein departamendu geldituko diren FNren esku, baina halere erran daiteke departamendu batzuk FNren esku geldituko direla. Pixkanaka aurreratzen ari da. Hauteskundeak eskuin muturrari espazioa zabaltzen ari direla agertzen da, FN agintean egoten bada ere ez da traba gisa ikusten. Izan ere, herritarrak egoeraren hobetzeko aukera gutxi ikusten du politikarien aldetik. Gobernuak bozkatzen dituen neurriak eskuinak proposatzen ahal lituzke. «Macron legea» eskuinaren gustukoa zen eta ezkerreko diputatu bakar batzuek soilik bozkatu dute kontra. Norabide politiko garbirik ez dago. Panorama ez da ona bozkatu nahi lukeenarentzat.

Jose Lorenzo Ayestaran Legorburu Espainiaratu du Frantziak. Bizi osoa borrokan. Aste honetan Espainiako poliziaren esku utzi dute frantses presondegietan atxiki ondoren. 2010. urtean atxilotu zuten Normandian, eta orain Espainiak zonbait ekintza leporatzen dizkiolako preso eraman dute. Duintasuna eta tinkotasuna erakusten digu Ayestaranek eta estatuek euskal gatazkari aurre egiteko duten egoskortasunaren biktima da. Hitz okerrak komunikabideetan etengabe erabiltzen dituztelarik, euskal militanteek eredu izaten jarraitzen dute. Hau pentsatzea eta idaztea delitu bilakatu al da? Desberdin pentsatzea eta idaztea delitu bilakatzen ari ote da? Orain arte okupatzea, harri bat botatzea, kadirak banku bati lapurtzea delitua zen, baina horrez gain, zonbait iritzi, zonbait pentsamendu, zonbait sinesmen delitu bilakatzen al dira?

Euskaraz bizitzeko nahia delitu bilakatuko ote da? Uztaritzeko deliberoa legez kanpo zergatik jarri dute? Frantziaren batasuna estatu egiaren mailara igo dutenez, herri txikientzat, aniztasunarentzat, tokirik geldituko ote da? Korrikaren abiatzearen bezperan indar aski izanen ote dugu gure karriketara euskararen zabaltzeko? Korrikak bazterretan animoak pizten ditu baina hauteskundeen bezperan ez dugu ikusten alderdiek euskarari tokia egin nahi diotenik. Bai, Parisetik politikari famatu bat jausten delarik, horri ematen zaio garrantzia. Alta horiek gauza gutxi ekartzen digute handik!