Gaur8

Gazte eta helduak elkarlanean jarri dira Elizondon, bien mesederako

Elizondoko Lanbide eskolak eta herri bereko Francisco Joakin Iriarte zahar etxeak proiektu bat jarri dute martxan, egoitzako erabiltzaileak eskolako ikasleekin harremanetan jarriko dituena.

Lanbide Eskolakoak eta zahar etxekoak, elkarrekin.
Lanbide Eskolakoak eta zahar etxekoak, elkarrekin.

Elizondoko Lanbide Eskola metodologia aldaketa batean murgilduta dago eta, bertatik jakinarazi dutenez, aldaketa horietako bat «ikasketa eta zerbitzu solidarioa» uztartzean datza. «Bertan, eskola inguruan ikusten ditugun beharrak identifikatu, analizatu eta ikasleekin batera behar horiei erantzun ematen saiatzen gara», esplikatu dute.

Bide horretan, Francisco Joakin Iriarte zahar etxearekin elkarlanean hasi dira. Aurretik ere izan dute harremanik egoitzarekin, «35 urtetan gabonetan zahar etxera joan baikara gabon kantak abestera». Orain, baina, harreman hori sakondu nahi dute, eta proiektu berritzaile bat martxan jarri dute horretarako. Hala, Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketa Bereziko ikasleak astero joaten dira zahar etxera. «Egoitza honetan dauden aitona eta amona anitzek ez dute familiekin goxatzeko aukerarik izaten», nabarmendu dute, eta «senti dezaketen bakardade hori» iraultzeko egiten dituzte bisitak.

«Une horietan hitzekin deskriba ezinezkoak diren momentuak sortzen dira. Ikasleen begietan erabateko konpromisoa ikusten da eta aiton amonak ere pozik ibiltzen dira haien abentura eta bizipenak ikasle hauei kontatzen», azaldu dute.

Proiektu honek, gainera, alderdi akademikoari ere mesede egiten diola segurtatu dute, ikasleentzat garrantzitsua jotzen baitute adinekoekin nola jokatu eta haien beharrak nola ase ditzaketen jakitea. «Azken batean, kontuan izan behar dugu Lanbide Eskolako ikasle hauek, laster, lanera joango direla eta lanean errespetuz jardutea ezinbestekoa dela.