Maddi TXINTXURRETA

Eguberriaren sekretu zaharrak, Olentzaroren basoan gordeta

Larunbat honetako GAUR8 gehigarriak Tolosako “Olentzaroren basoa” egitasmoaren inguruko kronika jasoko du. Gabonen zentzu berria desikasi eta zaharra berreskuratzeko, misterioz eta antzinako tradizioez ibilbide bat osatu dute Elosegi parkean, umeei zuzenduta.

Haurrak ipuin-kontalariari segika, Olentzaroren basoan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Haurrak ipuin-kontalariari segika, Olentzaroren basoan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Tolosako Elosegi parkearen zuhaitzen sustraiek Gabonen erroetara garamatzate. Ez kontsumoa, ez argi artifizialak, ez desfilerik. Pentsa, Olentzero ere ez da inondik ageri, baina bertan bizi da, Euskal Herriko gainontzeko basoetan bezala, eta etxolan baso-erdi bat ardo eta intxaurrak utzi ditu. Horren ordez, su epela, ur berria eta lurra ageri dira.

Zumardia asoziazioak pentsatu eta abiatutako “Olentzaroren basoa” ibilbidea jasotzen du parkeak, eta aste honetan (abenduaren 23ra arte) haur eta gurasoei zabaldu zatzaie. Iaz egin zuten lehenengo aldiz, eta egitasmoaren helburua da Gabonen eta Eguberriaren aldaera berriak «desikastea», Mauro Marotias proiektuaren bultzatzaileetako batek azaldu bezala, eta tradizio honen sustraiei begiratzea, besteak beste. Feminismotik eta kontsumoaren gizarteari alternatibak eraikitzetik gauzatu dute Olentzaroren basoa.

Hala, Juan Kruz Igerabideren “Eguberria” liburua oinarri hartuta, 3-8 urte arteko haurrek, gurasoekin lagunduta, Gabon desberdin batzuez goza dezaten ibilbide bat sortu dute. Bidea lastargiez argituta eta bisitari bakoitzak lanpara txiki bat eskuetan duela egiten dute, iluntzen denean hasten baitira bisitak, eta ipuin-kontalarien laguntzarekin, Anbotoko Mariri buruz ikasten dute, bera baita natura eta basoa, eta Olentzero, zarpail eta potolo, bertara joaten da, tarteka, ikazkin modura lan egitera.

Bertan du etxea Olentzerok, kea darion egurrezko txondorraren ondoan, eta haurrek eskutitzak uzten dituzte bere mahai gainean, ikatza lantzera itzultzen denean irakur ditzan.

Antolatzaileek aipatu dutenez, 2.000tik gora lagunek eman dute izena asteon Olentzaroren basoa bisitatzeko. Zortzi egunez, beraz, urtean zehar itxita egoten den Elosegiko parkeak bizitza hartuko du, Mariren, Olentzeroren, eta misterioz nahiz kondairaz ikastera agertzen diren haurrei esker.

Larunbat honetan, GAUR8n, Olentzaroren basoari buruzko kronika argitaratuko da, paperean.