Gaur8

Errenteriak igande honetan «etxetik» ospatuko du bere 700. urteurrena

Errenterian, datorren igandean, 700 urte egingo dira udalerri gipuzkoarra herri gisa eratu zenetik. Horretarako, «egitarau anitza» egingo da etxeetatik, Covid-19aren aurrean hartutako konfinamendu neurria dela eta.

Erosketak egiteko ilara Errenterian, koronabirusak eragindako egoeragatik. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Erosketak egiteko ilara Errenterian, koronabirusak eragindako egoeragatik. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt EH Bilduko ordezkariak, José Angel Rodríguez PSE-EEko ordezkariak, Josu Mitxelena EAJko ordezkariak eta Elkarrekin Ion Collar Errenteriako ordezkariak herritarrei urteurrena ospatzeko bi proposamen berri egin dituzte, «etxetik bada ere».

Otaegik adierazi du igandean, 19.00etan, «egungo egoerara egokitutako ikuskizuna» ikusi ahal izango dela. 'Plaza etxean' izenburupean eta Jon Maya zuzendari duela, bideo bat emango dute herriko hainbat artistek Herri Bizia udal-ingurunearen web orrian. Bideo horren amaieran, 'Mendeurrenaren' bertsio berezia emango du Udal Bandak.

Hala, igandea iritsi arte, urteurrenarekin bat egiteko eta «beroketa-ariketa» gisa, alkateak Errenteriako leihoak eta balkoiak zapi edo oihal urdin batez apaintzera animatu dituzte herritarrak.

«Orain, inoiz baino gehiago, Errenteriako bizilagunok daukagun sentimendua ospatzeko eta indartzeko unea da», nabarmendu du Otaegik, eta adierazi duenez, «konfinamenduak inoiz imajinatuko ez genukeen egoera batean jarri gaitu herri eta gizarte gisa, eta horrek askotariko gogoetak egitera eraman gaitu».

Esan duenez, «horiek guztiek balio berezia izan dezakete etorkizuneko Errenteria eraikitzeko, eta horregatik saiatu nahi dugu horiek film batean biltzen; Errenteriako egungo egoerak sortutako autorretratua sortzen saiatu nahi dugu». Horretarako, bideo laburretan beraien burua grabatzeko eskatu die bizilagunei.

Proiektu honi buruzko xehetasun guztiak herribizia.errenteria.eus/700 web orrian daude, eta bideoak handik apirilaren 5era bidali behar dira. Alkateak azaldu duenez, «jasotako grabazio guztiekin, edizio lan baten ondoren, 'Begiradak leihoetatik' film kolektiboa osatuko dugu. Errenteriako pultsua».