GAUR8

Boluntariotza programa bat egingo du Urdabai Bird Centerrek uztaila eta iraila bitartean

Urdaibai Bird Centerrek boluntariotza kanpaina bat iragarri du uda honetarako. Ekimenak hilaren 15ean hasi eta irailaren 15era arte iraungo du eta ingurumenarekin eta naturako turismoarekin lotutako arloetan pertsonak prestatzea eta heztea du helburu, «ingurumen hezkuntzan, ekoturismoan eta ikerketan gaitasunak gara ditzaten».

Zentroa hegaztien eta horien migrazioen behatoki aparta da. (Urdaibai Bird Center)
Zentroa hegaztien eta horien migrazioen behatoki aparta da. (Urdaibai Bird Center)

Urdaibaiko paduretan kokatuta dagoen natura zentroak boluntarioek izango dituzten funtsezko eginkizunak zehaztu ditu. Ingurumen hezkuntza eta Urdaibaiko natur baliabideen dibulgazioa izango da betebeharretako bat. Horrekin batera, bolondresek bisitariei informazioa eta arreta emateko eta padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jardueretan parte hartu beharko dute.

Formakuntza atalari erantzunez, boluntarioek hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartzeko aukera izango dutela argitu du zentroak, baita habitataren kudeaketarekin lotutako ekimenetan esku hartzekoa ere.

Boluntarioak hautatzeko baloratuko dituen irizpideak ere azaldu ditu zentroak. Aztertuko dute zergatik parte hartu nahi duen; ornitologian, ekologian eta ingurune naturalean esperientzia eta ezagutzak ote dituen; jendearen arretako esperientzia; hizkuntzen ezagutza (euskara, ingelesa, frantsesa), eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natur balioei buruzko ezagutzak.

Kanpainan parte hartzen duten lagunek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango dute. Mantenua eta joan-etorriak boluntarioaren kontura izango dira. Izena emateko inprimaki bat bete beharko dute, eta izena emateko epea uztailaren 10ean amaituko da; hautatuei uztailaren 11n jakinaraziko zaie.

Izena emateko epea, hilaren 10era arte

Ekimenean parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago uztailaren 10era arte. Urdaibai Bird Center-en webgunean eskura daitekeen inprimakia bete behar da eta hautatutako partaideei hilaren 11ean jakinaraziko zaie.

Kanpaina hiru txandatan banatu dute eta txanda bakoitzeko hiru lagun bakarrik onartuko direla argitu du zentroak webean. Lehenengo txanda hilaren 15etik 31era izango da; bigarrena 31etik abuztuaren 15era arte; hurrengoa abuztuaren bigarren hamabostaldian, eta azkena, irailaren lehen hamabostaldian egingo da.