Gaur8

Unicefek dekalogo bat egin du pandemiaren ondoren hezkuntza «berriz irudikatzeko»

Unicef-ek hezkuntza «berrirudikatzeko» eta koronabirusaren krisian bizi izandakotik ikasteko deia egin du, datorren ikasturtean hezkuntzarako oinarrizko eskubidea bermatzeko. Horretarako, neurri dekalogo bat aurkeztu du. Eredu misto presentzial eta ez-presentziala, malgua eta erantzunkidea da Unicefen hezkuntza-apustua.

(Luis JAUREGIALTZO)
(Luis JAUREGIALTZO)

Aurkeztutako dokumentuan, eskola-urte berria planifikatu eta hezkuntzari jarraipena ematea proposatzen du, hala pandemiak eragindako larrialdiak jarraitzen badu, nola etorkizunean antzeko egoerak sortuko balira.

«Aukera paregabea dugu aurretik», nabarmendu du Estatu espainoleko Unicefeko presidente Gustavo Suarez Pertierrak eta gertatutakotik ikasteko eskatu du. «Ikasturte berrian osasuna bermatu beharko dugu hezkuntza bermatzeko», azaldu du, eta horrek esan nahi duela «ikaste-defizitaren prebentzio eta diagnostiko goiztiarrean lan egin beharra dagoela, hezkuntza inola ere geldi ez dadin beharrezko estrategiak garatzeko».

Unicefek lan plan bat garatzeko eskatu du, besteak beste ikastetxearen funtzionamendu segurua, ikaskuntzaren jarraipena, pertsona eta talde ahulenak sartzea eta haurren ongizatea eta babesa lortzeko.

Kontuan hartu beharreko eredu pedagogikoa mistoa izan behar du, presentziala eta ez-presentziala; malgua, etapa bakoitzaren beharretara egokitzeko, eta erantzunkidea, hezkuntza-komunitateko kide guztien laguntza, gurasoen, ikasleen eta irakasleena beharrezkoa izango baita.

Garrantzitsua da, halaber, egoerarekin bat datorren jarduera-esparru bat lantzea, beharrezko lege-araudia eta behar adinako finantziazioa dituena, ikasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen osasuna ahaztu gabe.

Unicefek hiru "k" gidatzat hartzea gomendatu du: kontsulta, koordinazioa eta komunikazioa. Hau da, herritarrei diziplina eta arauak betetze testuinguru batetik erantzukizun eta parte-hartze esparru berri batera igarotzeko aukera emanda. Esparru horrek kontsulta, administrazioen arteko koordinazio eta inplikatutako eragile guztien arteko komunikazio handiagoa eskatzen du, «nahasketa eta gatazka» saihesteko.

Bestetik, azpimarratu du inongo administraziok ezin duela gutxietsi baliabide finantzario egokiak izateak duen garrantzia.

Eten digitalari dagokionez, teknologien erabilera osasungarria, segurua eta arduratsua sustatzea, eta informazioaren aurrean jarrera kritikoa garatzea eskatu du.

Halaber, hezkuntza-sisteman ohitura higieniko eta osasungarriak sustatzeko garrantzia ez dela gutxietsi behar esan du.

Familia eta lana bateragarri egitea da Unicef-ek proposatutako neurrietako bat da, lanaldia malgutu edo murriztuz, baimen ordainduak emanez edo telelana eginez.