GAUR8

Bihotz berdeak programan parte hartzeko izen ematea, zabalik

Kutxa Ekoguneak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 12 eta 15 urte bitarteko gazteentzako Bihotz berdeak programa berritzailea jarriko dute abian. Proiektuak Real Sociedad Fundazioaren laguntza izango du, eta haren xedea Gipuzkoan naturzale gazteen mugimendua sortzea da.

Naturarekiko interesa, sentsibilitatea eta jakin-mina, ezinbestekoak
Naturarekiko interesa, sentsibilitatea eta jakin-mina, ezinbestekoak

Bihotz berdeak proiektuak naturara hurbilarazi nahi ditu gazteak. Horretarako, bertan nola orientatu, landare eta animaliak nola identifikatu, eta ingurune naturaleko aldaketak, fluxuak eta prozesuak irakurtzeko trebakuntza jasoko dute parte hartzen dutenek. Saioak 2020ko irailaren 27an hasi eta 2021eko maiatzaren 30ean bukatuko dira.

Taldeko gidaria biologoa izango da, eta saio guztietan zientzialari gazte baten laguntza ere izango du, naturan orientatzen dakien laguna, alegia: ornitologoa, entomologoa, botanikoa, mikologoa...

Animaliak atsegin dituztenek, mendian zehar txangoak egin zaleek, poltsikotan intsektuak sartzeko ohitura dutenek eta beste gazte askok igandeetan izango diren plan zoragarri horiek eginez asetuko dituzte beren zaletasun horiek. «Landare bildumak egin, zuhaitzak eta txoriak ezagutu, eta intsektuen bizi estrategiak ulertuko ditugu; Bihotz berde bihurtzeko aukera izango dute gaztetxoek. Ziur gaude mundua eraldatzeko giltzarriak izango direla hurrengo urteetan; horregatik sortu dugu Bihotz berdeak programa», diote antolatzaileek.

Partaideen hautapena

Bihotz berdeak programan parte hartzeko gazteen hautaketa egin behar dute. Naturarekiko interesa, sentsibilitatea eta jakin mina duten 30 gazte bilatzen dituzte: «motibazio handiko gaztetxoak, ibilbide osoa egiteko prest daudenak».
 
Kutxa Ekoguneko web orriaren bidez hautaketa prozesuan izena emateko aukera dago uztailaren 29tik, eta epea irailaren 15 arte zabalik egongo da. Programaren informazio guztia Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Kutxa Ekoguneko web orrietan izan go du nahi duenak.