GAUR8

Bederatzi lankidetza proiektu, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko

Euskampus ekimenaren barruan, EHUk, Bordeleko Unibertsitateak, Tecnaliak eta DIPC-k covid-19aren pandemiaren ondorio ezberdinei erantzuteko bederatzi ikerketa proiektu jarri dituzte martxan, ikerlarien arteko lankidetzan oinarrituta. «Mehatxu biologikoei aurre egiteko babesa eta ekipamenduak eta krisi hau edo etorkizunean etor daitezkeenak aurreikustea eta gainditzea dira» ikerlariek landuko dituzten gaietako bi.

Irudian, Igor Campillo (Euskampus Fundazioa), Iñaki San Sebastian (Tecnalia), Nekane Balluerka (EHU) eta Javier Aizpurua (DIPC). EHU
Irudian, Igor Campillo (Euskampus Fundazioa), Iñaki San Sebastian (Tecnalia), Nekane Balluerka (EHU) eta Javier Aizpurua (DIPC). EHU

EHUk azaldu duenez, Euskampus Erresilientzia Programaren barruan, EHUk berak, Bordeleko Unibertsitateak, Tecnaliak eta DIPC-k (Donostia International Physics Center) hartzen dute parte eta egun elkarlanean ari dira osasun krisiari eta haren ondorio sozioekonomikoei «erantzun kolektibo, lokal eta mugaz gaindiko bat» eskaintzeko.

Ekimen horren barruan pasa den astelehenean bederatzi lankidetza proiekturen onarpena iragarri zuten lau erakundeetako arduradunek eta aurreratu zuten helburu nagusia «erakunde horietako ikertzaileak lankidetzan» jardutea dela «pandemiari lotutako askotariko erronkei aurre egiteko».

Proiektuek «inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozial handia» izan dezaketela nabarmendu dute, hainbat gai landuko baitituzte, «hala nola, diagnostiko eta trazabilitatea; mehatxu biologikoei aurre egiteko babesa eta ekipamenduak; eta krisi hau edo etorkizunean etor daitezkeenak aurreikustea eta gainditzea, berreskuratzeko gaitasuna eta gizarte erresiliente baten sorrera bultzatuz».

230.000 euroko funts bat

Ekimena aurrera eramateko 230.000 euroko funtsa jarri dute erakundeek «kofinantzaketa eskema baten bidez lankidetza estimulatzeko proiektu horiek garatzeari begira». Zehaztu dutenez, egitasmo horietako askok finantzatzeko bide osagarriak dituzte eta beste programa batzuetatik funts gehiago lortzeko asmoa dute. «Berezitasuna» da programa «lankidetzan eta baterako gaitasun zientifiko-teknologikoen aktibazioan oinarritzen» dela.

Aurreratu dutenez, diziplina anitzeko ikuspegi bat dute proiektuek eta beste ikergune batzuen parte hartzea izango dute. Izan ere, horietako batean Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak parte hartzen duela zehaztu dute.

Lankidetza proiektuen bultzatzaileek nabarmendu dute osasun larrialdi egoera ezarri zenetik lau erakundeetako ikertzaileek «gaitasun handia» erakutsi dutela ikerketa proiektu asko planteatuz. Lau erakundeek gogoratu dute I+Gren oinarrizko eragileak direla eta Euskampus Fundazioaren bidez «aliantza estrategiko baten bitartez» harremanetan daudela «krisiari erantzun bateratu bat emateko eta, horrela, bere ahaleginen eraginkortasuna eta beren gaitasunen inpaktua areagotzeko».

Urriaren 30ean Euskampus Bordeaux Eguna egingo da, eta bertan mugaren bi aldeetako irakasleek eta ikertzailek bere jardun kooperatiboaren aurrerapenak partekatzeko aukera izango dute.