Ignacio Torres Aleman, Achucarro zentroko zuzendari zientifiko berria

Achucarro ikerketa zentroak zuzendari zientifiko berria izendatu du: Ignacio Torres Aleman. Nazioarteko hainbat zentrotan trebatuta, CSIC Ikerketa Kontseilu Goreneko ikerketa-irakaslea izan da, eta gaixotasun neurodegeneratiboen terapia berrien ikerkuntzan egin du lan.

Ignacio Torres Aleman, Achucarro ikerketa zentroko zuzendari berria. (EHU)
Ignacio Torres Aleman, Achucarro ikerketa zentroko zuzendari berria. (EHU)

Ignacio Torres Aleman ikertzailea Achucarro Basque Center for Neurosciencie zentroko zuzendari zientifiko berria da pasa den urtarrilaren 1etik. Carlos Matute irakaslea eta zentroaren sortzailea ordezkatu du karguan.

Zentroko iturriek azaldu dutenez, Ignacio Torres Aleman (Madril, 1956) neurobiologoa da eta esperientzi handia du ikerketa munduan zein kudeaketan. Estatu espainolean eta frantsesean, Italian eta Estatu Batuetan trebatuta, CSIC Ikerketa Kontseilu Goreneko ikerketa-irakaslea izan da, baita Madrilgo Cajal Institutuko zuzendaria ere.

Bere ikerketa lan eremuaz argitu dute «intsulinaren hormonen neurobiologiaren» azterketari lotuta egon dela «gaixotasun neurodegeneratiboentzako terapia berriak garatzeko xedez». Horrez gain, nabarmendu dute 140 ikerlan baino gehiago argitaratu dituela nazioarteko aldizkarietan eta 30 herrialde baino gehiagotan gonbidatua izan dela hitzaldiak ematera.

Gogoratu dutenez, izendapena postua betetzeko nazioarteko deialdia baten barruan egin da, eta hautaketa prozesua Ikerbasque Fundazioak eta EHUk izendatutako batzorde batek gidatu du. Hainbat hautagai baloratu ostean, Torres Aleman proposatu zuen batzordeak ikerketa-irakasletzat.

Plan estrategikoaren definizioa

Pasa den udan Achucarro Patronatuan irakasle izendatu ondoren, urritik Torres Aleman Research Professor da Ikerbasquen. Azken hilabeteak ondoan izango duen ikerketa-taldea osatu eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren nondik norakoak ezagutzera bideratu ditu, Achucarroko zuzendaritza zientifikoari ekiteko eta 2010-2025 epealdirako plan estrategiko berriaren definizioa gidatzeko.

Achucarro zentroko ikertzaileen lana garunaren azterketan zentratuta dago, eta besteak beste alzheimerra, parkinsona, epilepsia edota esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasunen ikerketarekin lotuta dago. Hamahiru ikerketa talde eta 108 langilerekin, azken urtean Covid birusaren ondorio neurologikoen ikerketa proiektuak jarri ditu martxan.