GAUR8

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren laguntzak, kanpoko eta bertako 11 garapen proiektu finantzatzeko

Lankidetza eta garapen proiektuetarako partidak, Hondurasen, Kamerunen, Indian, Senegalen, Txaden edo El Salvadorren egingo diren nazioarteko proiektuen artean banatu dira; tokiko proiektuekin ere lankidetza izango da, Nafarroako Elikagaien Bankuarekin, besteak beste.

Gipuzkoako EHAEOk finantzatuko duen proiektuarrekin lotutako ikasgela bat, irudian (EHAEO)
Gipuzkoako EHAEOk finantzatuko duen proiektuarrekin lotutako ikasgela bat, irudian (EHAEO)

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) eta bere lau ordezkaritzek –Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa– jakitera eman dutenez, 17.000 euro baino gehiago bideratu dituzte tokiko zein nazioarteko lankidetza eta garapen arloko hamaika proiektu finantzatzeko. Helburua «gizarte arloko garapenari laguntzea eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da», adierazi du Patxi Chocarro EHAEOko dekanoak.

Zehaztutakoaren arabera, EHAEOren Dekanotzak hiru proiektu finantzatuko ditu, bakoitza 1.883 eurokoa. «Egoera txarrean dauden eremuetako emakumeen egoera hobetzea, gehien behar dutenen osasuna bermatzea eta muturreko pobrezia-eremuetara hornidura eramatea dira India, Kamerun eta Senegal herrialde zigortuetan aurrera eraman nahi diren egitasmoen xedeak», zehaztu dute.

Indiako Bandel inguruan, «egoera zaurgarrian eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden familietatik datozen neska umezurtzentzako ostatu-aterpetxe bat birgaitzeko» lanetara bideratuta dago finantzaketa. Kameruneko Ebomén, Kribin, larrialdietarako ospitale bat eraikitzeko proiektua finantzatzen lagunduko da, eta Dimbali Xaleyin, umeei edateko ura eskuratzen eta ingurune seguruan hezten laguntzeko.

Nafarroako Ordezkaritzak urtero aurrekontuaren % 0,7 bideratzen du lankidetza-proiektuetan laguntzeko. Guztira, 5.000 euro bideratuko ditu bost proiektu finantzatzeko: nekazariaren ama-etxea birgaitzeko Hondurasko Santa Rosa de Copan; El Salvadorreko Santa Anako Santa Maria Ikastetxeko eraikin zaharreko pintura konpontzeko; Txadeko landa-komunitateentzako ur-putzuak sortzeko eta Kamerunen dagoen Kribiko Eboméko ospitalerako larrialdietarako eraikin bat eraikitzeko. Horrez gain, Nafarroako elikagaien Bankuari urtero egiten dion dohaintza dago.

Bizkaiko Ordezkaritzak 1.500 euro bideratuko ditu EHAEOren laguntza ere jasoko duen Bandel hirian neskatorentzako aterpetxe bat egokitzeko

Hezkuntzarako sarbidea erraztea

Gipuzkoako Ordezkaritzari dagokionez, aukeratu duen gobernuz kanpoko Mugarik Gabeko Arkitektoak erakundearen proiektuak 3.000 euro bideratuko ditu «Joal Fadiouth herrian emakumeek baldintza berbereko hezkuntzarako, lanbide-heziketarako eta enplegurako duten eskubidea sustatzeko» egitasmoari. «Helburu nagusia emakumeek hezkuntzarako sarbidea izatea erraztea da», nabarmendu dutenez.

Arabako Ordezkaritzak 2.100 euroko urteko ekarpena egin zuen mendekotasuna duten pertsonen irisgarritasun-baldintzak hobetzeko etxea eta espazioa egokitzeko laguntzetarako. Hori guztia Ascudeanek, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiek sortutako elkarteak kudeatzen du. Zehaztu dutenez, «ezaugarri horiek dituen EAEko elkarte bakarra da, eta kolektibo horri zuzendutako zerbitzu-zorro zabala eskaintzen du».