GAUR8

Kontxako toldoak modako produktu bihurtuta

Tela Marinera markaren produktu berriak Ondarretako eta Kontxako hondartzako toldoak aprobetxatuz sortuak izan dira; poltsak, motxilak, diru-zorroak eta nezeserrak, besteren artean

Tela Marinera bildumako produktuak
Tela Marinera bildumako produktuak

“Sindesperdicio” tokiko markak 2021eko produktu berriak aurkeztu ditu, Tela Marinera izeneko produktu bilduma. Jone Pujana diseinatzaile gazteak sortu du bildumaren web berria, irudi korporatiboa eta diseinua, eta Kontxako eta Ondarretako hondartzako toldoak daude oinarrian. Kantauri itsasoan inspiratutako bilduma “zuri-urdin” berrian hondartzako toldo zahar horietatik geratzen zen stocka aprobetxatu eta poltsak, motxilak, diru-zorroak eta nezeserrak sortu dituzte.

“Sindesperdicio” Emaús Gizarte Fundazioaren poltsen, bulego-artikuluen eta beste objektu batzuen marka da. 2009an sortu zen, tokiko, gizarteko eta ingurumeneko bokazioarekin, Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta harekin hitzarmen bat sinatu zen. 2013. urtean, online salmentarako urrats bat egin zen, eta lehen e-commerce webgunea sortu zen. Eta handik gutxira, toldoekin ez ezik, beste material batzuekin ere esperimentatzen hasi zen, baina filosofia berari eutsiz.

Harrezkero, diseinua eta kontzeptua aldatu egin dira, Gipuzkoako beste enpresa batzuetatik datozen beste hondakin batzuk baitituzte orain: Irizar autobus-jarlekuen larruzko zatiak, Astore eta Ternuaren kremailerak, eta Emausen ohiko bilketetatik datorren forrua, esaterako. Esperientzia zirkular horren bidez hondakinak zirenak produktu esklusibo eta errepikaezin izatera pasatzen dira, ez baitira bi produktu berdin ateratzen.Tela Marinera izeneko bilduman bertan ikus daitezke toldoek berezkoak dituzten akatsak errepikaezin bihurtuta. Horiek produktuari xarma ematen diotela nabarmendu dute sortzaileek.

Bilduma horretako produktuak www.sindesperdicio.es web orriaz gain, Emausen bigarren eskuko dendetan ere aurki daitezke: Arrasateko Ekocenter eta Mundaizeko Faktory eta Donostiako Aquariumeko dendan.