GAUR8

Klima-aldaketaren aurreko begirada geologikoa, bost hitzalditan Bilbon

Klima-aldaketan geologiak zeresan handia duelako, dibulgazio jardunaldia antolatu dute urriaren 20 eta 21erako Bilbon, «Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat: klima-aldaketari buruzko begirada geologikoa» izenburupean. Bost hitzaldi dira, eta zuzenean zein streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Ikertzaileek egungo klima-aldaketaren erronkei geologiak egin ahal dizkien ekarpenak azalduko dituzte. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Ikertzaileek egungo klima-aldaketaren erronkei geologiak egin ahal dizkien ekarpenak azalduko dituzte. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hainbat diziplina geologikotatik klima-aldaketari buruz landu diren hurbilketak ezagutzera emateko, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidro-Ingurumenekoen (HGI) ikerketa taldeak dibulgazio-jardunaldia egingo du Bilbon, urriaren 20an eta 21ean.

“Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat: klima-aldaketari buruzko begirada geologikoa” izenburua du hitzorduak. Publiko orokorrari zuzendutako proposamena testuinguruan jartzeko, gogoratu dute adar zientifiko honetan beroketa globalaren inguruko prozesu asko aztertzen direla. Horien artean, lehenaldiko zein orainaldiko klima-aldaketek arroketan, sedimentuetan, lurzoruetan edo izotzetan utzitako aztarnen irakurketa da nabarmenenetako bat.

Azpimarratu dutenez, «planetaren iraganaren eta orainaren ezagutza geologikoari esker errazago bistara daiteke egungo klima-aldaketaren ondorioek etorkizunean izango duten inpaktua».

Bost hitzaldi bilduko dituzte jardunaldiek, arratsaldeko ordutegian, 17.00etatik aurrera, EHUko Bizkaia Aretoko Mitxelena Gelan. Zuzenean zein streaming bidez jarraitzeko aukera dago. Sarbide librea da aforoa bete arte, baina lekua erreserbatzea gomendatzen dute ww.geologia.eus webgunearen bidez.

Izotza eta glaziarrak, hasteko

Jerónimo López geologoak eskainiko duen “Izotza eta glaziarrak: Lurraren iraganaren erregistroa eta klima-aldaketaren aurreko egoera” izenburuko hitzaldiak zabalduko du egitaraua urriaren 20an. Eguneko bigarren hitzaldia Francesc Gallartek emango du, eta deforestazioa eta basoen kudeaketaren inguruko ezagutzen transferentziari buruzkoa izango da.

Osteguneko egitarauari dagokionez, «erregistro geologikoko gertakari hipertermalak» izango ditu hizpide Aitor Payros geologoak; eta Kantauri Itsasoa eta «azken 130.000 urteotako klimaren kutxa beltza» izenburu iradokitzailea duen gaian sakonduko du ondoren Blanca Martinez adituak.

Jardunaldiak itxiko dituen hitzaldiko protagonistak leize izoztuak eta barruan duten milaka urteko izotz iraunkorrak ematen duen informazio baliotsua dira, Miguel Bartolomé ikertzailearen eskutik.