GAUR8

Lagunarteko eta plaza libreko bertso saioek gora egin dute nabarmen

2022ko lehen seihilekoan bertso plazak emandako datuak bildu ditu Bertsozale Elkarteak. Pandemia garaian ia desagerturik egon diren saio formatuak beren lekua berreskuratzen hasiak dira, aldi berean, jaialdien kopuruari eutsiz.

Julio Soto, Onintza Enbeita eta Jon Maia, balkoitik balkoira, bertsotan Iruñean.
Julio Soto, Onintza Enbeita eta Jon Maia, balkoitik balkoira, bertsotan Iruñean. (Jon URBE | FOKU)

«Loraldi sasoia izan da 2022ko udaberria bertsolaritzarentzat». 2022ko lehen seihilekoaren datuak eskuetan, Bertsozale Elkarteak balantze ona egin du. Aipatutako epean izandako bertso saio kopurua 2019kora dezente hurbildu da; are gehiago, martxotik maiatzera bitarteko epea aintzat hartuz gero, aurtengo datuak hobeak izan dira kopuruari dagokionez.

Bertsozale Elkartearen hitzetan, «kopuruaz harago, beste zantzu on batzuk ere ekarri ditu lehen seihileko honek. Nabarmenena? Pandemia garaian ia desagerturik egon diren lagunarteko eta plaza libreko saioak beren lekua berreskuratzen hasiak direla bertso plazan».

Oro har, bi eta hiru bertsolarien artean egiten diren saio motak dira hauek, zalearengandik oso hurbil; otordu bueltan egiten dira lagunartekoak eta herriko plazan edo kalean egin ohi dira librekoak. Pandemia garaian hartutako neurriengatik nekez egin zitezkeen saioak. «2022ko lehen seihileko honetan, ordea, bertso plaza lehengo itxura hartzen ari dela iradokitzen dute datuek, formatuari dagokionez. Gainera, aldi berean, jaialdi kopuruari ere eutsi zaio». nabarmendu dute.

36.500 zale plazara

Lagunarteko eta libreko saioen itzulerak, gainera, ez du eragin handirik izan gizon eta emakume bertsolarien parte-hartzearen orekan. Saio mota hauetan oraindik gizonezkoen parte-hartzea altuagoa bada ere, azken urteotan eman diren aurrerapausoei esker, 2019ko datuetatik urrundu eta azken urteotako norantza parekideari eutsi ahal izan zaio: bertso plazan ari diren %53 dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak. «Zantzu onak badira ere, Bertsozale Elkarteak gainerako tokian tokiko eragileekin bertso plaza sendotzeko, genero ikuspuntutik orekatzeko eta askotariko plaza eskaintzeko lanean jarraituko du», nabarmendu dute elkartetik.