GAUR8

«Oarsoaldea Urdina» lehiaketa ipini du martxan AZTI zentro teknologikoak

Itsasoarekin zer ikusia duten jarduera ekonomikoak bultzatu nahi dira, "Ekonomia Urdina" deitzen zaion arloa sustatuko duten ideia berritzaileak bilatu asmoz. Uztailaren 26an ireki zen proiektuak aurkezteko epea eta datorren irailaren 26ra arte egongo da aukera.

Itsasoarekin zer ikusia duten jarduera ekonomikoak bultzatu nahi dira ideia berritzaileen bidez.
Itsasoarekin zer ikusia duten jarduera ekonomikoak bultzatu nahi dira ideia berritzaileen bidez. (Gorka RUBIO | FOKU)

AZTI euskal zentro zientifiko eta teknologikoak “Oarsoaldea Urdina” lehiaketa jarri du abian, Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdean "Ekonomia Urdina" sustatuko duten ideia berritzaileak bilatzeko asmoz. Uztailaren 26an ireki zen ideiak aurkezteko epea eta datorren irailaren 26ra arte egongo da aukera. Parte hartu nahi duten espaniar Estatuko pertsona fisiko edo juridikoek banaka edo taldean aurkez ditzakete proiektuak, zentroaren webgunean aurki daitezkeen bideetatik.

AZTIk gogoratzen duenez, "Ekonomia Urdinak", Europar Batasunaren arabera, «itsasoek eta ozeanoek eragile ekonomiko gisa duten garrantzia jasotzen du, berrikuntzarako eta hazkunderako duen potentzialagatik». Horregatik, Europako Itun Berdearen estrategiaren barruan txertatu dute, eta helburua «itsasoan egiten diren jarduera ekonomiko ororen garapen jasangarria sustatzea, edo itsasoko jarduera ekonomikoei ondasunak eta zerbitzuak ematen edo balioa gehitzen dieten jarduerak bultzatzea» da.

Lakuako gobernuak finantzatzen du ekimena eta helburua «eskualdean itsasoari lotutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzea» da, horrela «eskualdearen hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko». Lehentasunezkotzat identifikatu diren gaien artean aipatzen dituzte energia berriztagarriak, akuikultura, ontzi autonomoak, itsas behaketa, ontzien elektrifikazioa edota arrantza produktuen balio erantsia.

«Ideia berritzaile eta originalak bilatzen ditugu, denboran erabilgarriak izan daitezkeenak eta, Oarsoaldera bideratuta egon behar duten arren, Euskal Herriko edo Espainiako beste lurralde batzuetarako ere eskalagarriak izango direnak», azaldu du Gorka Gabiñak, AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarriaren arloko koordinatzaileak, beren webgunean jasotako adierazpenetan.

Diziplina desberdinetako ordezkariek osatzen dute epaimahaia: AZTIko teknikariak, Tecnaliako aditu gonbidatu bat, Pasaiako Portuko Administrazioa, Lakuako gobernua eta Oarsoaldeko Garapen Agentzia. «Fase komertzialean dauden eta martxan jartzeko moduan eta epe labur/ertainean gauzatu daitezkeen ideiak zein oraindik formulazio etapa batean dauden kontzeptu edo teknologiak» baloratuko omen dituzte.

Lehiaketak hiru sari emango ditu, proposamenak zein fasetan dauden oinarri hartuta: 10.000 euro oinarrizko ideia irabazlearentzat, 25.000 euro merkaturatu aurreko fasean dagoen proiektu irabazlearentzat eta 55.000 euro fase komertzialean dagoen proiektu irabazlearentzat.

Gainera, lehiaketaren irabazleek espazio fisiko bat izango dute AZTIko instalazioetan, sei hilabeteko epean, proiektua edo ideia garatzeko, eta AZTIko adituen eta Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloa garatzen diharduten beste erakunde laguntzaile batzuen aholkularitza izango dute, proposamena epe horretan bizkortzeko.