GAUR8

Duela 56 milioi urteko berotze globala ikertuta, fase ezberdinak izan zituela aurkitu dute

Gaurko berotze globalarekin analogiak dituen duela 56 milioi urteko berotze global bortitza aztertu dute UPV/EHUko geologoek, sedimentuen azterketaren bidez. Ondorioztatu dute fase ezberdinak izan zituela, eta bat datorrela egungo zenbait prezipitazioren portaerarekin.

Aitor Payros UPV/EHUko ikertzailea, irudian.
Aitor Payros UPV/EHUko ikertzailea, irudian. (EHU)

UPV/EHUko Geologia Saileko ikertzaileek burututako ikerketa Tremp-Graus arroan izan da, Lleida eta Huescaren arteko mugan. Duela 56 milioi urteko sedimentuak aztertu dituzte.

Berotze haren jatorria ezberdina izan bazen ere, garai hartan karbono ugari isuri zen atmosferara eta ozeanoetara, eta horren ondorioz, berotze global bortitza gertatu zen.

Aitor Payros Geologian doktoreak azaldu duenez, «orduko berotzearen jatorria edo eragilea desberdina izan arren, prozesua oraingoaren oso antzekoa izan zen, eta horregatik, gaur egungo berotze globalaren antzekotzat hartzen da».

UPV/EHUko ikertzaileak zehaztu du klima berotu zela jakina bada ere, klima aldaketarekin berotzea ez den beste aldaketa batzuk ere gerta daitezkeela. Kasu honetan, baldintza hidroklimatikoak nola aldatu ziren aztertu dute, prezipitazioetan fokua jarrita.

«Ikusi dugu berotze globalaren ondorioz prezipitazioen urtaroaren araberako banaketa aldatu zela, eta gainera, zenbait fasetan aldatu zela. Hasieran prezipitazioak hilabete gutxi batzuetan kontzentratzen ziren, udazken inguruan; gero, urtean zehar era homogeneoago batean banatuz joan ziren. Azken fasean, berriz, lehorterako joera izan zen», gogoratu du Payrosek.

Ikertzailearen ustez, ezin da esan berotze globalaren ondorioz tenperaturak igotzen direla edo prezipitazioak bortitzagoak izaten direla, besterik gabe: «Gauzak ez dira hain sinpleak. Aldaketak gertatzen dira, baina aldaketek ez dute irauten bere horretan berotze globalak dirauen denbora osoan zehar».

Horrekin lotuta, aipatu du Payrosek ikusi hala izan dutela duela 56 milioi urteko berotze hartan urtaroen arteko kontrasteak areagotu egin zirela prezipitazioei dagokienez.

Antzerako portaera egungo prezipitazioetan

«Prezipitazioak udazken inguruan pilatzen ziren (ekaitzak izaten ziren maiz eta uholde handiak), eta gainerako hilabeteetan lehorraldiak izaten ziren», aipatu du ikertzaileak, egun penintsulan gertatzen ari diren zenbait prozesuekin konparatuz.

Nabarmendu duenez, «hori da, hain zuzen, datu edo erregistro meteorologikoak ikusita, azken hamarkadetan, eta azken mendeetan ere, Iberiar Penintsularen hego-ekitaldian gertatzen ari dena: euri-jasa handiak geroz eta handiagoak dira udazken inguruan eta uda bukaeran, eta orain dela 100-200 urte ez ziren hainbeste gertatzen».

Payrosen esanetan, ez dago jakiterik penintsularen hego-ekitaldian zer gertatuko den, «baina suposatzen badugu Lurrak modu berdintsuan erantzuten diela fenomeno berberei edo antzekoei, pentsa liteke agian etorkizunean prezipitazioen urteko banaketa homogeneoagoa bihur daitekeela penintsularen hego-ekialdean edo antzeko klima daukaten beste eskualde batzuetan».

Edozein kasutan, paleoklimaren azterketak duen garrantzia azpimarratu du ikertzaileak: «Antzina gertatu zena ikusten badugu, eta gertatu zen hori behin eta berriz errepikatzen bada, hau da, Lurrak beti modu berean erantzuten badie fenomeno batzuei, pentsa daiteke etorkizunean ere modu berean funtzionatzen jarraituko duela».