GAUR8

Farmakoterapia berdearen aldeko artikulua sinatu du euskal ikerlarien parte hartzea duen zientzialari talde batek

Gizakiek inoiz baino produktu farmazeutiko gehiago kontsumitzen dute, ondorioz horiek eragiten duten kutsadura nabarmen hazi da eta hori merezi duen arreta jaso ez duen arazoa da. Hausnarketa Gorka Orive eta Unax Lertxundi euskal ikertzaileen parte hartzea duen ikerlari-talde batek “Science” aldizkarian publikatu duten artikulu baten abiapuntua da.

Unax Lertxundi Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kidea eta Gorka Orive UPV/EHUko NanoBioCel taldeko ikerlaria.
Unax Lertxundi Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kidea eta Gorka Orive UPV/EHUko NanoBioCel taldeko ikerlaria. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

Argitalpen zientifiko ospetsuan argitratutako artikuluan botiken erabilerak izan duen haziera nabarmena jasotzen da. Datu bat ematen du: 2020. urtean, «4,5 bilioi dosi erabili ziren mundu guztian, eta kontsumoak gora jarraitzen du». Ez da gizakien kontsumoa bakarrik, abereak eta etxeko animaliak ere igoera horren atzean daude.

Sinatzen duten zientzialariek zehazten dutenez, farmakoak osasunerako onuradunak badira ere, mundu mailan eragiten ari diren kutsadurari erreparatu behar zaio eta hori murrizteko neurriak jarri. UNESCOren datuak gogora ekarrita, hondakin-uren %80 ekosistemara isurtzen dira inolako tratamendurik gabe, eta tratatzen den ia %20ak produktu farmazeutikoak eta patogeno iraitziak ditu.

Hondakin horiek eragiten duten kutsaduraren inguruan, dosi oso txikietan aldaketa biologikoak eragiteko diseinatutako molekulak direla gogoratzen dute ikertzaileek. Horrez gain, produktu farmazeutikoak uretako animalia basatietan pilatzen dira, eta organismoen portaera eta egokitasuna eta populazio, komunitate eta ekosistemen dinamika aldatzen dituzte.

«Sendagaien kutsaduraren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta ‘Osasun bakar bat’ helburua lortzeko, osasun eta ingurumen arazoak modu holistikoan konpontze aldera, prozesuaren iturrira eta amaierara zuzendutako neurri batzuk aplikatu behar dira. Industria farmazeutikoak eta haren bezeroek sendagaien bizi-zikloaren inguruko alderdi asko ebaluatu eta doitu behar dituzte», adierazten dute artikuluan.

Ingurumen-inpaktu txikiagoko botikak

Ikerlarien ustez, beharrezkoa da farmako ekologikoagoak, ingurumen-inpaktu txikiagokoak –esate baterako, biologikoki erreaktibotasun txikiagokoak edo ingurumenean errazago ezabatzen direnak– diseinatzea eta formulatzea, eta farmakoak fabrikatzeko instalazioetan hobeto kudeatu behar dira hondakin-urak.

Farmakoak zentzuz eta arduraz erabiltzearen beharra nabarmentzen dute «bai giza medikuntzan, bai albaitaritzan», eta, ahal denean, esku-hartze ez-farmakologikoak lehenetsi behar direla diote. Adituen esanetan, funtsezkoa da, halaber, osasun arloko profesionalak medikamentuen kutsaduraren inpaktuaren inguruan heztea.

Zientzialariek garrantzitsutzat jotzen dute, bestalde, farmakoterapiaren funtzio nagusia gogoratzea, «bizitza hobetzen duten sendagaietarako sarbidea bermatzea», alegia. Ohartarazten dute, halere, farmakoen ingurumen-inpaktuari buruzko kontzientziazioak ezusteko eraginak izan ditzakeela; horiek hartzeko erreparoa izatea, erruduntasun-sentimenduarekin hartzea edota industria farmazeutikoarekiko eta oro har farmakoterapiarekiko mesfidantza eta erresumina areagotzea.

Sendagai eraginkorretarako sarbidea murriztea da artikuluaren sinatzaileen beste kezketako bat, «politika-aldaketen ondorioz edo ingurumen-inpaktua kontuan hartuta prezioetan izan daitezkeen aldaketen ondorioz».

«Dena den, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible da produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea. Farmakoterapia berdea egia bilakatzeko garaia da», azpimarratzen dute.